KOSTA ala kosta, kazetaria izaten jarraituko duela dio nire adiskide batek. Izatez kazetaria da, baina bere eguneroko lanak zerikusi gutxi du langintzarekin. Bisita-txartel berria egin du eta horixe jarri du bertan: “Hala eta guztiz ere, kazetaria”. Harakin jardun arren.
Klinika pribatu baterako bezerok bilatzea da adiskide erizainaren gaur egungo lana, baina berak erizaina dela esaten du, harro. Gaixoak bezero bihurtu direnez geroztik, saltzaile dabil baina hark berak gaixoak arta-tzea atsegin baino, maite duelako egin zuen bere hautua, oraingo egoeraren menpe ez dagoen bokazioa. Egun eta erdiko guardiak eginda, edota etxetik ehun eta koxka kilometrora bidaiatuz egin izan du lan urte askotan, eta orain gogobetetasun-fitxak osatu behar baditu ere, erizaina dela esanez eran-tzungo dizu lanbideaz galdetuz gero.
Guztia kontra egonda ere, nola edo hala barruan daramagun harrari jarraitzea ez da gauza samurra, eta heroitasun puntu bat du gaur egun, baina beharbada, horixe izan daiteke oraingo kalapitaren erdian erabat erotzetik libra gaitzakeen indar bakarra. Fedea esaten diote batzuek, baina nik irmotasuna dela pentsatu nahi dut, nork bere buruarentzat hautatutako patuaren bila nekatu gabe jarraitzeko gaitasuna. Edo nekatuta ere, amore eman gabe aurrera egitekoa.
Ezagutzen ditut zerbitzari publiko zintzok, harrokeriarik gabe baino harrotasunez politikariak direla esango dizutenak, ez harrapakari ustelak, ezta poltsiko gizenen zale eskrupulurik gabeak ere: politika dutela langintza, kosta ala kosta. Ezagutzen ditut, ez bat edo bi, hamaika baizik. Eta berdin eskola-egitura burokratiko zoroa gora-behera, haur eta gazteez egiazki arduratzen diren maisu-maistrak, eguneko zortzi orduko lan-jardunetik harago ere, haur edo gazte horiek bere zerbaiten parte direla esango dutenak.
Guztia aldats gora dute, eta batek pentsa lezake: “zergatik?”. Nik galdera horixe bota izan diet noiz edo noiz, eta “zergatik ez?” erantzun izan didate.