ASTE erabakigarria ez zen ondo hasi Athleticentzat, Valverderen gizonak ez baitziren gauza izan Torino kanporatzeko Europa Leaguen. Osteguneko zaplaztekoaren ostean, zuri-gorriek erronka zaila zuten Ipuruan, bost partidu jarraian galduta zegoen Eibarren aurka. Hasierako hamaikakoa ikusita, zalantzak areagotu egin ziren, Valverdek aurrealde “berria” zelairatu zuen-eta. Zalantza guztiak ezerezean geratu ziren minutu gutxira. Athleticek aspaldiko partidurik serioena egin zuen Eibarren. Zuri-gorriak zorrotz agertu ziren erasoan, lehen zatian batez ere, eta Torinoren aurka erakutsi ez zuten sendotasuna agertu zuten Gaizka Garitanoren taldearen aurka. Eibarren lortutako garaipenak zortzi puntura uzten ditu jaitsierako postuak eta indar handia emango dio taldeari datorren asteazkeneko partidura begira. Olatu gainean helduko da Bartzelonara.
Sei egunetan hiru partidu jokatuta Ernesto Valverde behartuta zegoen aldaketak egitera hasierako hamaikakoan. Aritz Adurizek atsedena behar zuen eta ikuskizun zegoen zelan osatuko zuen entrenatzaileak taldearen aurrealdea edota jokatzeko sistema aldatuko zuen. Valverdek gazteen aldeko apustua egin zuen eta Williams eta Guillermo zelairatu zituen aurrealdean, Iker Muniain atzetik zela. Apustu arriskutsua bezain erakargarria. Valverderen erabakia onuragarria izan zen Athleticentzat. Guillermok eta Iñakik, bizitasun itzela eman zioten Athleticen erasoko jokoari, Iker Muniainek ondo zuzenduta. Hori gutxi balitz, aurrelari zuri-gorriek ez zieten arnasa hartzeko aukerarik eman Añibarro eta Raul Navasi eten gabeko presio itogarria eginez. Ipuruako partiduak erakutsi zigun Athleticek badakiela min egiten erasoan Aritz Aduriz barik ere. Guillermok ez du gauza handirik egiterik izan denboraldi honetan baina lesioek errespetatuz gero jokalari garrantzitsua izan daiteke hurrengo hiru hilabeteetan.
Eta denboraldi honetan sarritan gertatu den legez, arnasa hartzeko asti barik ekingo diote zuri-gorriek hurrengo partiduari. Sari potoloa dago jokoan. Kopa txapelketako finalerako txartela hain zuzen. Esan beharrik ez dago Espanyol dela faborito San Mamesen lortutako banako berdinketaren ostean. Nolanahi ere, Ernesto Valverdek azpimarratu duenez, Torinok zailago zuen kanporaketa San Mamesen jokatutako partiduaren aurretik eta hurrengo faserako txartela eskuratu zuten.
Kontua da, ez dakigula zein Athletic ikusiko dugun bihar Cornella-El Prat futbol zelaian. Taldeak ez du erregulartasunik erakutsi eta partidu onak eta txarrak tartekatu ditu denboraldi honetan. Aitortu behar dugu, txarrak onak baino gehiago izan direla. Edozein kasutan, Athleticek kanporatu egin dezake Espanyol. Joaneko partiduko emaitza ona izan ez arren, gol batek hankaz gora jarriko luke kanporaketa. Garbi dago Athleticek aurpegirik onena erakutsi behar duela finalerako txartela eskuratzeko aukerak izateko. Sendo atzealdean eta zorrotz aurrealdean. Sergio García inguruan izanda, atzelari zuri-gorriek ezin dute huts txikiena ere egin. Sendotasun horretatik abiatuta etor daiteke saria. Astea biribiltzeko, merengeak datoz San Mamesera zapatuan.
Aipamen berezia merezi dute Carlos Gurpegik eta Andoni Iraolak. Kapitainak lesionaturik utzi zuen zelaia Torinoren aurka eta hiru egun beranduago titular izan zen Ipuruan eta garaipenaren gola eman zion taldeari. Zorionak Iraolari bere bostehungarren partidua jokatu duelako Athleticen. Ibilbide eredugarria zalantza barik. Zorionak baita Iraia Iturregiri hirurehun partidu bete dituelako Ligan Athleticekin. Kopakoak eta UEFA Women´s cupeko partiduak gehituta, 340 daramatza hamahiru denboralditan.