Alos musicos se les paga a la fin” zioen Luis Fernandezek, Athleticeko entrenatzaile izandakoak. Hau da, ondorioak ateratzeko edo balorazioak egiteko amaierara arte itxaron behar da. Liga txapelketako lehen itzulia amaitu da eta Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak egindako lana guztiok espero baino makalagoa izan da. Entrenatzaileak berak aitortu du taldeak ez duela azterketa gainditu Ligan. Talde zuri-gorriaren estatistikak aztertzen hasita, bat bera ere ez da positiboa. Puntu uzta urria, gol gutxi sartu eta gol gehiegitxo jaso. Zenbakiak hortxe daude eta negargarriak dira. Horrekin batera, gainera, taldeak itxura makala eman du partidu askotan eta ezinean ibili da ustez ahulagoak ziren eta diren aurkarien aurka. Aurreko denboraldian gotorleku bilakatu zen San Mamesen aurten puntuak eskuzabaltasun handiz oparitzen dira. Bisitariek gauza gutxi egin behar dute Katedralean saria jasotzeko.
Athleticek ezustean harrapatu gaitu denboraldi honetan. Inor gutxik edo inork ere ez zuen itxaroten Ernesto Valverderen taldearen gainbehera aurreko denboraldian sailkapeneko laugarren postuan amaitu eta Txapeldunen Ligarako txartela eskuratu ostean. Gaitza, oso gaitza da ulertzeko eta are gehiago azaltzeko zer gertatu zaion Athletici eta zerk eragin duen horrelako itxuraldaketa.
Lehen itzulia amaitu da, Athleticek hemeretzi puntu eskuratu ditu eta beste hemeretzi partidu geratzen dira jokatzeko. Horixe da errealitate objektiboa. Egia da estatistiken irakurketa subjektiboa egiten hasiz gero egoera apokaliptikoa aurkeztu daitekeela. Egoera honen aurrean aukera bi daude: Errudunak seinalatu eta giroa gaiztotu etorkizuna ilun baino ilunago aurkeztuz ala indarrak batu eta irtenbideak bilatu taldea dagoen egoeratik ateratzeko. Esan beharrik ez dago, bigarren aukeraren aldekoa naizela.
Hemeretzi partidu eta berrogeita hamazazpi puntu geratzen dira jokatzeke Liga Txapelketan. Lehiaketaren lehen erdia jokatu ostean, Athletic eta beste hamaika talde daude sartuta mailari heltzeko borrokan. Lehen itzuli negargarria egin arren, Ernesto Valverderen taldeak zazpi aurkari utzi ditu azpitik sailkapenean. Hasiera baten, zuri-gorrientzat ez litzateke gaitza izan behar lehen itzuliko zenbaki txarrak hobetzea, listoia oso behean jarri baitute. Zerotik hasita ekin behar diote zuri-gorriek bigarren itzuliari eta Granada, Almeria, Kordoba eta enparauak baino hobea dela erakutsi. Borroka horretan, baina, lehen itzulian egindako lan makala ez da zama izan behar. Ez du eragin negatiborik izan behar etorkizuneko ibilbidean.
Athleticek lehenbailehen irten behar du dinamika negatibotik eta zuri-gorriek bihar bertan dute lehen aukera Malagaren aurkako Kopako partiduan. Valverderen gizonek itxura ona eman zuten El Madrigalen jokatutako partiduaren lehen zatian. Lehen ordu erdia ikusita inork ez zuen esango hamahiru puntuko aldea zegoenik lehiakideen artean. Lehenengo gola jaso ostean, ordea, agerian geratu zen zuri-gorrien ahulezia emozionala eta bigarren zatian ez ziran gauza izan markagailua orekatzeko. La Rosaledan emaitza ona lortzeko, eta oro har goranzko bideari ekiteko, ezinbestekoa izango da atzealdean sendo aritzea. Iraizozen atea Mestallan geratu zen azken aldiz zulatu barik, azaroaren 9an jokatutako hamaikagarren jardunaldian. Athleticek ganora gabeko gol gehiegitxo jaso ditu eta puntu asko galdu ditu hutsegiteen ondorioz. Sendotasunetik abiatuta ea jokalariek konfiantza berreskuratu eta euren benetako maila ematen hasten diren. Zezenari adarretatik heltzeko ordua heldu da. Ikaraz eta konfiantza barik ez goaz inora. Eta goaz diot, bai, Athletic guztiona da-eta.