Ernesto Valverdek behin eta berriro errepikatu du Liga txapelketa dela denboraldiko lehiaketarik garrantzitsuena. Riazorren galdu ostean, entrenatzaileak hausnarketarako deia egin eta finaltzat jo zuen Elx-en aurkako partidua San Mamesen aukera ona bai-tzen goranzko bideari ekiteko. Zuri-gorriek, baina, huts egin dute beste behin. Ez dira gauza izan sailkapeneko azkenari irabazteko Katedralean. Kontuak kontu, partidu bakarra geratzen da lehen itzuliari amaiera emateko eta Athleticek 19 puntu baino ez ditu lortu. Jardunaldiak joan jardunaldiak etorri, gauzak ez dira aldatzen eta Valverderen taldeak ezinean jarraitzen du. Aurreko denboraldian San Mames gotorleku bilakatu zen arren, aurten zuri-gorriak ez dira puntu bakarra lortzeko gauza izan sailkapeneko azken hiru postuetan dauden taldeen aurka. Faktore hauek guztiak lapiko baten sartu eta garbi dago zein izango den Athleticen helburua aurtengo Liga txapelketan: duintasunez amaitu mailari eusteko larrialdi barik.
Guztion gustuko hamaikakoa zelairatu zuen Ernesto Valverdek domekan San Mamesen eta jokalari bakoitza bere lekuan jarrita. Bigarren minuturako Ricok izan zuen gol aukera ikusita inor gutxik espero zuen ondoren etorriko zena. Denboraldi honetako partidu gehienetan legez, Ernesto Valverderen taldeak muga itzelak erakutsi zituen erasoko jokoa antolatzeko orduan. Athleticen jokoak ez dauka aberastasunik. Aurkariek erraz aurreikus dezakete nondik eta zelan ahaleginduko diren zuri-gorriak eta horren arabera antolatzen dute euren defentsa.
Taldea ez dago ondo, baina lerroz lerro aztertuta eta jokalariz jokalari aztertuta zaila da oso bateren bat ondo dabilela esatea. Bilbotarrak ez ziren fin ibili Elx-en atera hurreratzeko orduan, baina Granada eta Cordobaren aurka gertatu zen legez, defenditzeko orduan eginiko hutsen ondorioz iritsi ziren aurkarien golak. Egia da, bai, lehenengo golean eskuarekin lagunduta eraman zuela baloia Elx-eko jokalariak baina atezaina eta atzelariak begira geratu ziren arbitroak jokaldia balio barik utziko zuelakoan. Hori gutxi balitz, bigarren gola mingarria izan zen oso. Athleticek horrelako opari asko egin ditu denboraldi honetan eta huts larri horiek min handia egiten diote taldeari.
Athletic txarto dago eta egoera kezkatzen hasteko modukoa da. Gauza baten guztiok gaude ados: sailkapenean beherantz begiratu behar dugu. Elx-en aurkako porrotak eragindako mina alde batera utzita, errealitatearen analisi objektiboa eginez gero, taldearen egoera ez da horren larria. Valverderenek zazpi talde dituzte azpitik sailkapenean eta bi puntura dute sailkapeneko bederatzigarren sailkatua. Hogei jardunaldi geratzen dira joka-tzeko eta Athleticek hamabi taldeko liga bat jokatuko du Celta, Espanyol, Rayo Vallecano, Reala, Getafe, Deportivo, Almeria, Levante, Cordoba, Elx eta Granadaren aurka. Une honetan taldeak bizi duen egoera ikusita baikor izatea zaila bada ere, Athleticek ez luke arazorik izan behar duintasunez lehiatzeko hamabiko liga horretan. Horretarako, baina, Ernesto Valverdek eskatutako hausnarketa sakona egin behar dute jokalariek eta ukabilkada bat jo mahai gainean. Gauzak ez dira berez aldatuko.
Athletic zaleak haserre egoteko motiboak ditu. Nolanahi ere, ez dut ulertzen zenbait zalek domekan San Mamesen erakutsi zuten jarrera etxeko taldeari txistu eginez. De Marcosek, Iturraspek eta Muniainek txistuak en-tzun zituzten aldatuak izan zirenean. Ez ziren fin ibili, ez, baina ez dut uste txistu egitea merezi dutenik. Athleticeko zaleria berezia bada, egoera zailetan erakutsi behar du. Domekan San Mamesek Wimbledoneko All England Club ematen zuen zenbait tartetan. Eta pentsatu nahi dut inor ez zela poztu taldeak galdu zuelako, hauteskunde usainak nahasita.