PARTIDU bi baino ez dira geratzen Liga txapelketako lehen itzulia amaitzeko eta gauzak ez dira aldatzen Athleticen. Ernesto Valverderen taldeak ez du sendotasunik erakusten bere atea defenditzeko orduan eta aurkariaren atean, berriz, ez dauka zorroztasunik, are gehiago Aritz Aduriz zelaian ez bada. Kontuak kontu, zuri-gorriek huts egiten dute area bietan eta horrela ezin da partidurik irabazi. A Coruñan jokatutako partidu negargarriaren ostean Ernesto Valverdek hausnarketarako deia egin zuen. Taldea ez dago ondo eta sailkapeneko behealdekoak gero eta hurbilago daude. Errealitatea gordina da. Athleticek ezin du horrela jarraitu.

Riazorreko partidua jokatu aurretik Elx eta Vila-realen arteko norgehiagoka ikusi nuen eta aitortu behar dut ez neukala argi nork nahi nuen irabaztea. Ustez, Vila-real Athleticen aurkaria da Europarako txartelak eskuratzeko lehian. Sailkapenera begiratuta, ostera, Elx hurbilago dago eta maila galtzeko hautagaietako bat da. Tristea da, bai, baina Athletic egun dagoen moduan egonda, errealitateak sailkapeneko behealdera begiratzera garamatza.

Liga txapelketa amaitzeko hogeita bat jardunaldi geratzen direnean, Athleticek aurreko denboraldian beste partidu galdu ditu, zortzi. Bartzelona, Real Madril eta Atletico de Madriden aurka galdutako norgehiagokak kenduta; beste bost porrotak sailkapeneko erdialdea-behealdean dauden taldeen aurka etorri dira. Valverderen taldeak ez du punturik lortu Malaga, Granada, Rayo Vallecano, Cordoba eta Deportivoren aurka. Partiduz partidu aztertuta, Athletic ez zen aurkariok baino gutxiago izan, baina gauza bat dela edo bestea dela, ez da gauza izan puntu triste bat ere lortzeko.

Riazorren ikusitakoak garbi utzi digu urte aldaketak ez duela ezer aldatu Athleticen. Lehen zati negargarria jokatu arren, zuri-gorriek aukera bikainak eduki zituzten markagailuan aurreratzeko baina Viguerak ez zuen asmatu. Aurkariak, ostera, ederto baliatu zituen Athleticeko atzelariek emandako erraztasunak Iraizozen atea zula-tzeko. Aurrealdean kamuts ibiltzeaz gain, zuri-gorriek ez dute sendotasunik erakusten atzealdean. Golak garesti saltzen dira talde guztientzat baina atzealdean serio eta gogor aritzea ezinbestekoa da edozein aurkari menderatzeko aukerak izateko. Athleticek oparitu egin ditu Granada, Cordoba eta Deportivoren aurkako puntuak.

Iker Muniain eta Aritz Aduriz itzuliko dira gaur Celtaren aurkako kopako partiduan eta esan beharrik ez dago taldeak eskertu egingo duela. Edozein kasutan, itxaron dezagun Athleticeko jokalariek entrenatzaileak eskatutako hausnarketa egin izana eta egoerari buelta ematea edo behintzat buelta emateko gogoa erakustea gaur Balaidosen. Gogoa ez da antsietatearekin nahastu behar baina Athleticeko jokalariek erreakzionatu egin behar dute. Riazorrekoa ezin da errepikatu.

“Mono” Hausnarketekin jarraituta, lotsatu eta asaldatu egin nau asteburu honetan Bizkaiko futbol zelai baten gertatutakoak. Kadete mailako partidu baten, ikusleren batek -beste kalifikatiboren bat zehatzagoa litzateke- “mono” deitu zion, Afrikan jaiotako hamalau urteko jokalari bati. Arbitroak, antza, ez zuen horren barririk izan eta partidua normaltasun osoz jokatu zen, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Non zeuden taldeko presidentea, direktiboak, koordina-tzailea edo entrenatzailea? Horrelako kontuak onartezinak dira. Neurriak ez dira Espainiako federazioan bakarrik hartu behar. Nork bere etxea zaindu eta garbitu behar du.