HAMAHIRU urte nituen Euskal Herriko futbol selekzioaren lehen partidua ikusi nuenean. Ez dut inoiz ahaztuko Irlandaren aurkako norgehiagoka San Mamesen San Roke egunean. 4-1 irabazi zuen geure selekzioak. Iribar, Kortabarria, Zelaieta, Eskalza, Satrustegi, Dani, Rojo eta euskal taldea osatu zutenen posterra urte askotan izan nuen neure gelako horma nagusian. Hogeita hamabost urte igaro dira ordutik, eta zoritxarrez egoera ez da askorik, ia ezer aldatu geure herriko kirol selekzioak nazioarte mailan lehiatzen ikusi nahi ditugunontzako. Aurtengo Kataluniaren aurkako partidua polita izan zen oso. Zale asko harmailetan, giro itzela, inolako istilu barik eta maila oneko bi talde lehian zelaian. Horren guztiaren gainetik, euskal selekzioaren aldeko aldarria. Etxerako bidean, baina, betiko galdera egin nion neure buruari: noiz arte jarraituko dugu horrela? Noiz ikusiko dugu euskal selekzioa Eurokoparako edo Munduko txapelketarako sailkatzeko fasea jokatzen? Zoritxarrez, ez dakit zer erantzun neure buruari. Urteak joan, urteak etorri, euskal selekzioaren partidua gabonetako kirol ekitaldia baino ez da.

Borondate kontua da antza. Jon Redondo, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak iragarri du euskal selekzioaren hurrengo partiduak FIFA datetan joka-tzen ahaleginduko direla. Urrats garrantzitsua izango li-tzateke inolako zalantzarik gabe. Batetik, balizko aurkarien zerrenda nabarmen zabalduko litzateke eta bestetik urtean partidu bat baino gehiago joka-tzeko aukera egongo litzateke. Horretarako, baina, Euskadiko Futbol Federazioa, Espainiako Federazioaren barruan dagoenez, Angel Villarrek zuzentzen duen erakundearen baimena beharko luke. Ez dakit egun Villarri lotsa ematen dion Euskal selekzioarekin jokatu izanak baina bera be Irlandaren aurka jokatu zuen taldeko kide izan zen. Egun, ostera, Espainiako Futbol Federazioko presidenteak oztopoak baino ez ditu ipini euskal selekzioaren ofizialtasunerako bidean. Bien bitartean, Gibraltar edo Feroe uharteak partidu ofizialak jokatzen. Hau da inpotentzia!

Euskal selekzioak eta Kataluniak San Mamesen jokatu zuten partidua Athletic zalearen ikuspegitik aztertuta, Gorka Iraizoz, gure atezainak, sasoi betean ekingo dio urte berriari. Gauza bera esan dezakegu, gure aurrelari nagusiari buruz, euskaldunen gol bakarra Adurizek sartu zuen-eta. Eta neguko merkatua egun gitxi barru zabalduko dela gogoratuta, Athleticentzat oso fitxaketa ona litzateke Eneko Bovedarena. Bilbotarra denboraldi itzela egiten dabil Eibarren eta Ernesto Valverdek horrelako jokalari bat behar du atzealdeko eskuin hegalerako. Oscar de Marcosek duintasunez betetzen du bere lana eskuin hegalean baina bere berezko lekua ez da hori. Ez da atzelaria eta igarri egiten zaio. Taldearentzat askoz eraginkorragoa da erdialdean jokatzen duenean. Dani Garcia eta Ander Capa ere ondo aztertzeko fitxaketak dira.

Denboraldiko une erabakigarria heldu da Athleticentzat. Ernesto Valverderen taldea, denboraldi hasiera gorabeheratsua izan arren, bizirik dago lehiaketa guztietan, Ligan sailkapeneko goialdetik urruntxo geratu bada ere. Hemendik aurrera, ostera, ezin da huts gehiago egin. Ezin da opari gehiago banandu aurkarien artean. Erregulartasuna eta sendotasuna eskuratzeko ordua heldu da eta horretarako jokalariek urrats bat eman behar dute euren errendimendurik onena eskaintzeko. Eta ez nago Muniainen gainean berbetan bakarrik. Beste batzuk ere badute zer hobetu. Deportivo, Celta, Elx, Celta, Vila-real, Malaga eta Levanteren aurka jokatuko dute zuri-gorriek hurrengo asteetan, eta beste partidu bi Kopan aurrera eginez gero. Irabazteko modukoak dira guztiak. Horretarako, baina, Athleticek bere mailarik onena eman behar du. Komodinak agortu ziran Granada, Cordoba edo Bate Borisoven aurka. Ezin da huts gehiago egin. Urte barri on guztioi!