aTLETICO de Madriden aurkako porrota mingarria izan da oso. San Mamesen galtzea gogorra da beti baina aurkaria Atletico de Madrid bada oinazea biderkatu egiten da. Athleticeko jokalariek partida amaitu ostean zuten aurpegiek ondo islatzen zuen barruan zuten amorrua eta egoneza. Athleticek ez zuen galtzea merezi baina galdu egin zuen. Zuri-gorriek ez zuten galtzea merezi Cordobaren aurka baina galdu egin zuten. Kontuak kontu, liga txapelketako lehenengo itzulia amaitzeko hiru jardunaldi bakarrik geratzen direnean, Ernesto Valverderen taldeak aurreko urtean erakutsitako erregulartasuna eta sendotasuna eskuratu ezinik jarraitzen du. Lehen mailako sailkapena etenda geratu da eta zuri-gorriak beheko multzoan daude Europako postuetatik hamabi puntura. Athleticeko entrenatzaileak behin eta barriro esan digu Liga txapelketa dela denboraldiko lehiaketarik garrantzitsuena baina gauzak dauden moduan egonda, Kopak eta Europa League erakargarriagoak bilakatu dira.

Athleticek eta Atletico de Madridek San Mamesen jokatutako partidaren lehenengo zatia ikusita zelaia utzi zuen zaleren batek ez zuen sinetsiko azken emaitza 1-4koa izan zenik. Ernesto Valverderen taldeak arerio gehiegi izan zituen garaipenerako bidean. Etxeko taldea garaipenaren bila atera zen lehenengo minututik eta aurretik jarri zen markagailuan hemezortzigarren minuturako. Adurizek bigarren gola sartzeko aukera bikaina eduki zuen baina ez zuen asmatu Moyaren aurrean. Gola sartzeaz gain, Athleticeko jokalariek sendotasun handia erakutsi zuten defenditzeko orduan eta Iraizozek ez zuen lanik izan lehen zati osoan.

Berrogei ta bost minututan egindako lan guztia pikutara joan zen bigarren zatiko hogeita hamargarren segundorako. Nork eta Griezmannek bakar bakarrik errematatu zuen Juanfranek egindako erdiraketa bikaina. Zuri-gorrien atzealdea ez zen fin ibili, frantziarra bakar bakarrik baitzegoen area txikiaren ertzean. Partida aldats gora jarri arren, bigarren zati osoa zegoen aurretik. Orduan, baina, Athleticek espero ez zuen arerioa aurkitu zuen: epaile jauna. Hernandez Hernandezek asmatutako penaltiak lur jota, sats eginda, utzi zuen Valverderen taldea. Gurpegiren laprastadak eta Griezmannek jokoz kanpo sartutako laugarren golak gatza bota zuten penaltiak eragindako zaurira.

Epaile jaunak garaipenerako bidea erraztu zion Simeoneren taldeari, bai, baina Athleticek ere ez zuen maila ona eman bigarren zatian. Ligako hamasei partida, Txapeldunen Ligako zortzi eta Kopako bi ikusi eta aztertu ostean, garbi dago Valverderen taldeak arazo itzelak dituela erasotzeko orduan. Athleticen golak oso garesti saltzen dira. Gauzak horrela, ezinbestekoa da atzealdean sendo aritzea garaipena eskuratzeko aukerak izatelo. Sevilla eta Valentziaren aurkako partidak dira adibide garbienak.

Agur Jon Athleticeko jokalariek ezin izan zioten garaipena eskaini Jon Larreari. Atzo eman genion azken agurra Indautxun. Kolpe gogorra izan da lagun izan dugun guztiontzako. Lagun diot, berbaren osotasunean. Euskaldunon Egunkarian Athletic jarraitzen hasi nintzenean, Lezaman ezagutu nuen Jon Larrea, Herri Irratirako lanean, eta berak gidatu ninduen niretzat erabat ezezaguna zen munduan. Athleticeko prentsa arduraduna izan zenean begirune berezia zuen euskerazko hedabideentzat. Baina arlo profesionaletik kanpora ere, bihotz oneko pertsona zen, bere ingurukoak asko maite zituena. Lagun on bat joan zaigu. Ez zaitut inoiz ahaztuko laguntxu. Beste besarkada bero bat Jose Anjel Iribar eta bere familiari.