athletic zaleontzat Donostian ez galtzea beti da ona eta hortaz, on-tzat eman behar dugu Anoetan lortutako puntua. Ernesto Valverderen taldeak ez zuen partida handia jokatu baina sikiera osorik itzuli da Bilbora, Cordobaren aurkako hondamendiaren ostean. Aurreko denboraldian aurten baino hobeto jokatu zuen taldeak Donostian baina orduan galdu egin zuen eta aurten ez. Futbolaren gauzak. Realeko jokalariek motibazio itzela erakutsi zuten derbiaren hasieran. Zuri-gorriek, ostera, lehen zati osoa galdu zuten lehian sartu aurretik.

Balio handia du Anoetan lortutako puntuak. Are gehiago hirugarren minuturako aurkariak Iraizozen atea zulatu zuela kontuan izanda. Ez da erreza ulertzeko zelan errematatu dezakeen bakar bakarrik Carlos Velak, jakina denean bera dela Realeko jokalari arriskutsuena. Athleticeko jokalariek aurten oparitu dituzten golen estatistika ikaragarria bezain mingarria da. David Moyesen taldea erraz iristen zen Iraizozen atera beste munduko ezer egin barik. Ernesto Valverderen taldeak arazo itzela dauka aurkariaren atea zulatzeko. Ondorioz, atzealdean sendo aritzea ezinbestekoa da garaipenaren lehian sartu ahal izateko. Zorionez, zuri-gorriak bizirik iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian egoera zeharo aldatu zen. Aurrealdeko labana kamuts izan arren, zuri-gorriak partidaren bila atera ziren. Lehenengo zatian Chory Castro markatzearekin konformatu zen Oscar de Marcos min egiten hasi zen eskuin hegaletik eta arabarraren eskutik iritsi zen berdinketaren gola. Aurretik, bigarren zatiaren hasierako minutuetan, Iker Munianek aukera itzela alferrik galdu zuen Zubikarairen aurrean. Txantreako jokalaria ez dago ondo eta dagoeneko txapelketako hamabost jardunaldi eta Champions League joan dira. Kezkagarria benetan. Taldeak Munianen bertsiorik onena behar du baina nafarraren ekarpena makala baino makalagoa da.

Partida berdindu eta garaipenaren bila abiatu zirenean, Valverderen gizonek atzera egin behar izan zuten Laportek txartel gorria ikusi zuelako. Salagarria benetan Athleticeko atzelariaren jarrera. Txartel horia daukan jokalari batek ezin du oldarkor jokatu, partida amaitu nahi badu behintzat.

Sailkapeneko erdialdean geratu da Athletic. Beheko postuak urrun dagoz baina goikoak ere bai. Lehen itzulia amaitzeko hiru jardunaldi baino ez dira geratzen eta garbi dago taldeak ezin izan duela lortu iaz erakutsitako sasoi bikaina. Partidaz partida joatea izango da orain helburua. Ligako hurrengo jardunaldira begiratuta, aurkari zaila eta deserosoa izango dute zuri-gorriek domekan San Mamesen, Iturraspe eta Laporte barik gainera. Ikusteke dago zelan beteko duen Valverdek Abadiñokoaren hutsunea horren exijentzia handiko partida batean. Ez dugu baztertu behar Beñatek atzerago jokatzea Ricoren alboan. Atzealdeari dagokionez, ea Xabi Etxeita guztiz errekuperatuta dagoen koltxoneroen aurkako partidurako. Bien bitartean, itxaron dezagun Alcoyanok burukomin handirik ez ematea Kopako kanporaketako itzuliko partiduan.

Torinoren aurka jokatuko duu Athleticek Europa Leagueko final hamaseirenetako kanporaketa. Zozketan zeuden gainerako taldeak ikusita, ezin esan aurkari gogorrena egokitu zaionik. Nolanahi ere, Txapeldunen Ligako zozketa egin zenean ere askok iragarri zuten Athleticek esku-eskura zuela final zortzirenetarako txartela eta guztiok ikusi dugu zer gertatu den. Athleticen errendimenduak kezkatzen nau gehiago Torinok baino. Bi hilabete geratzen dira kanporaketa jokatzeko eta espero dezagun zuri-gorriak sasoi betean iristea.