LIGA txapelketako lehen herena jokatuta, astelehenero sailkapenera begiratzen dudanean dagoeneko ez dut arreta beheko postuetan jartzen, erdialdetik gorako postuetan baino. Hamahiru jardunaldiren ostean, garrantzitsuena ez da Cordobak, Elx-ek ala Deportivoren zer egiten duten azken jardunaldian, Valentziak, Sevillak edo Vila-realek egin dutena baizik. Athleticek egoera goitik behera aldatu da azken sei asteetan. Ernesto Valverderen taldeak atzean utzi du Granadaren aurka San Mamesen galdu ostean hasi zen amets gaiztoa eta sailkapenean benetan dagokion lekura hurreratzen doa. Zulotik irteteko bidea ez da samurra izan. Athleticek hamalau puntu eskuratu behar izan ditu azken sei jardunaldietan, lau partida irabazi, bi berdindu, zortzi gol sartu eta hiru bakarrik jaso ostean. Gauzak bere onera itzuli dira.

Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldeak Getaferen aurka jokatutako partidako lehenengo zatia adierazgarria izan zen oso. Zuri-gorriak partidaren bila irten ziren lehenengo minututik eta ez zioten aukera txikiena ere eman aurkariari. Entrenatzaileak esan duen legez, jokalarien egungo egoera animikoak ez dauka zer ikusirik duela sei aste zutenarekin. Lehoiek konfiantza berreskuratu dute eta nabarmen igartzen da zelaian.

Nolanahi ere, ez dezagun gure burua engainatu. Taldea hobeto ari da baina badago zer hobetu etorkizunari begira. Valverderen taldeak arazo itzelak ditu arriskua sortzeko aurkariaren atean. Zuri-gorriek sartu dituzten azken gol biak atzelari batek sartu ditu, Mikel San Josek eta estrategiako jokaldietan gainera. Zuri-gorrien eraginkortasuna oso handia da, aukera gutxi sortuta, balio handiko golak sartzen baitituzte. Athleticek ez du minik egiten hegaletatik. Ez dago sakontasunik. Iraolak eta Susaetak osatzen zuten eskuin hegaleko zitala desagertuta dago. Valverdek Unai Lopez zelairatu zuen hegal horretatik Getafen eta mutilari ezer kendu barik -etorkizun handiko jokalaria da- ez dut uste jokalari egokia denik hegaletik jokatzeko. Entrenatzaileak ondo baino hobeto daki zer lortu dezakeen Unai Lopez postu horretan jarrita, baina erasora begira behintzat hegaleko jokoak indar handia galtzen du. Ezker hegalari dagokionez, Iker Muniain ez dago sasoian eta taldeak faltan botatzen du. Itxaron dezagun Txantreakoak eztanda egitea egun batetik bestera.

Alde positiboetara itzulita, Beñat Etxebarriarik onena ikusten ari gara azken partidetan. Arratiako erdilaria gero eta gusturago ari da zelai erdian eta taldearen jokoari egiten dion ekarpena gero eta eraginkorragoa da. Hori gutxi balitz, bere lehenengo gola sartu du eta bere hanketatik atera dira Mikel San Josek sartutako azken gol biak. Beñaten susperraldia albiste bikaina da Athleticentzat.