SCIENCE aldizkariak Nazio Batuen Erakundean eta Washingtongo Unibertsitatean estatitistikan eta demografian aditua den ikertalde baten azterketa argitaratu berri du. Ikerketak dioenez, mende honen amaieran munduko biztanleria 11.000 miloi izatera iritsiko da, orain arte eginiko aurreikuspen guztiak gaindituz. Iragarpenen arabera, Afrika kontinentean gertatuko da hazkunderik esanguratsuena. Asian, aldiz, biztanleriak mende honen erdialdera arte gorantz egingo badu ere, ondoren, behera egiteko joera hartuko du. Beste eskualde batzuetan pilaturiko populazioa 1.000 milioitik behera izango da.
Iragarpenak, aldi berean, zenbait aukera eta mehatxu uzten du begien aurrealdean, tentuz aztertzea merezi dutenak. Batetik, erabakiak sasoiz hartu eta plangintzak egin ahal izateko aukera eskaintzen du. Baina gure planetan ezagutu gabeko errealitate hori kudeatu ahal izateko, adostasuna eta askotariko politikak partekatzea ezinbestekoa izango da... eta hori ez da erraza, ezinezkoa dela ez esatearren. Bakoitzak bere zilborrari begira-tzen baitio, gizarte bakoitzak harturiko erabakiak munduaren bideragarritasunean eragina dutela kontuan hartu gabe.
Lurrean den espezien dibertsitatearen murrizte etengabean, berotegi-efektua areagotzean, txirotasunaren eta gaixotasunen zabalkundean, gosearen hedapenean, eskualdeen arteko gatazken indarberritzean, migrazio mugimenduetan, leku batetik bestera jendeak mugiarazteak ekarriko duen errealitate berrietan ekarriko dituenak aurresatea ez da erraza. Edozelan ere, egungo hazkunde-ereduarekin segi-tzeak ez dauka zentzurik, goazen bidetik segituz gero, espezie gisa ez baitugu mende honen amaierara iristeko modurik, bederen ez egungo bizi-baldintzetan.
Gizakiok Lurra ustiatzen segi-tzen dugu, nahierara, neurririk gabe, amaierarik ez duen errapetik tiraka, ia arretarik behar ez duen zerbait bailitzan... eta kasurik egin ez badiogu ere, Lurrak atentzioa deitu eta argi gorriak piztu ditu.
Espezieak, dibertsitatea desagertzeko joera inoizkorik handiena da, guk areagotu dugula egoera hori. Halandaze, espezie ba-tzuk desagertu egingo direla guk ezagutzera iritsi aurretik; berotegi-efektua sorrarazten duten gasen isurketak etenik gabe segitzen du, nazioarteak harturiko konpromisoak betetzeko gaitasunik ez baitu erakusten; neurriz kanpoko pestiziden erabilerak, bai eta gure espeziearen jardunak itsasoa kloaka erraldoi antzeko bat bilakatu du... ez da giro bizitokitzat, irauteko behar dugun lurralde global honetan.
Gure planetatik zer atera, zer ustiatu, esplotatu jardun izan dugu orain arte... Gaurko zein bihar-etziko belaunaldiek, ordea, Lurrari eman beharreko bizipozaz aritu beharko dira. Berandu izan baino lehen, bizitzak bizitoki segurua izan dezan etorkizunean.