EUROPAKO hiriek betidanik liluratu izan naute. Bizi-tzeko modu ezberdin bat zutela konturarazten zidaten. Askatasunei, pluralean, irekia. Batez ere, adierazpen askatasun mota ezberdinei. Nork bere artea edota besteengandik ezberdin egiten duena adierazteko bidea. Taldean adieraztekoa. Eta ezberdintasun horretatik artea egitekoa dohaina. Errespetua jasotzekoa. Baloratua izatekoa.

Urteak, Vienan biolin joleekin batera dantzariak kalera ateratzen ikusi nuena. Urteak, Toulousen kale antzerkia jatetxeen eskaintza zela jakin nuena. Urteak, Londres, munduko moden pasalera bihurtzen ikusi nuela.

Asteburu labur honetan, bada, Donostian, “Dantza hirian” egitasmoaren bederatzigarren edizioaren barruan, dantza konpainia ezberdinen emanaldiez gozatu ahal izan dugu, dohain, boulevarraren eta parte zaharreko kaleetan barrena. Mugaz alde honetako eta besteko kaleetan aritu diren dantzariez. Ostiralean, “Shopping gaua”-ren edizio berria ezagutu genuen. Kalean alfonbra gorriak nonahi, marka, produktu eta denda ezberdinei gauaren konplizitatean ezagutzeko aukera emanez. Zinemaldiko aktoreak liluratuta gelditu dira Donostiako jarrai-tzaileen harrera beroaz. Zinemaldira aurkeztutako filma berriak ikusteko ilarak amaiezinak izan dira. Eguraldiak lagundu du, dena esan behar da. Eta shopping gauean ez dakigu zenbat saldu den. Saltzaileei ez zaie datu zehatzik ematea komeni. Apustua egiten jarraitzearen aldekoak dira. Horrekin nahikoa.

Eta bai, Europako beste hiri interesgarri eta erreferentziazko horietako baten aurrean gaudela esan liteke. Hizkuntza ezberdinetan mugitzen dena (euskara indartu behar bada ere), kultura esperientzia berriak asmatzeko ipurdia galtzen duena eta, hiritar ezberdinek, esperientzia berritzaile eta ahaztezinak izateko mugitzen dena.

Donostia. Kulturak gure baitan daramagun harribitxi hori ateratzen laguntzen digulako.