Zapore gazi gozoa geratu jaku Athleticek denporaldi hasieran jokatu dituen lehenengo partidu biak ikusita. Ernesto Valverderen gizonek partidu serioa jokatu eben Napoliren aurkako kanporaketako joaneko partiduan. Ganera, ondo bideratuta itxi eben Txapeldunen Ligako taldekako faserako txartela emaitza bikaina lortuta. Egun gitxi batzuk beranduago, baina, San Paolo estadioan maila ona emon eban hamaikakoak -aldaketa bakarra egin eban entrenatzaileak- itxura makala emon eta galdu egin eban La Rosaledan Malagaren aurka Ligako lehenengo partiduan. Kontuak kontu, Athletic zaleok kezka apur bat daukagu biharko partidu erabakigarriaren atarian. Garbi dago, Valverderen gizonek La Rosaledan baino askoz hobeto jokatu beharko dabela San Mamesen Napoli kanporatzeko. Zuri-gorriek aukera bikaina daukie Europako talde onenen aurka lehiatzeko eta ezin dabe huts egin. Holako aukerak gitxitan agertzen dira -orain dala hamasei urte jokatu eban azkenengo aldiz Athleticek Txapeldunen Ligan- eta aprobetxatu egin behar dira. Bai ala bai.

Liga txapelketako lehen partiduak ez deutso ezer onik ekarri Athletici. Txapeldunen Ligako kanporaketa baten tartean jokatu arren, Ernesto Valverdek ez eban bigarren maila baten itxi La Rosaledako partidua eta ez eutsen atsedenik emon Napolin jokatu eben gizonei. Malagan ikusi genduan taldeak, ostera, ez eban zerikusirik izan San Paolon garaipena eskuratzeko zorian egon zanagaz. Javi Graciak Athletici emon eutsan baloia aukeraren baten markagailuan aurrea hartzeko eukiko ebanaren itxaropenagaz. Bete betean asmatu eban entrenatzaile nafarrak. Athleticek ez eutsan etekinik atara baloi jaubetzeari. Aurkariak ostera, ederto aprobetxau eban zuri-gorriek -Gurpegik eta Iraizozek- atzealdean eginiko hutsa. Erasoan gauza gitxi -nahiko- eginda eskuratu zituan hiru puntuak etxeko taldeak. Ernesto Valverderen taldeak ezintasun handia erakutsi eban erasoko jokoan. Zuri-gorriak ezinean ibili ziran aurkari makal baten ate aurrean arriskua sortzeko. Labana ondo zorroztu barik dauka Valverderen taldeak. Hegaletatik herren ibili ziran zuri-gorriak. Markel Susaetak eta Andoni Iraolak ez eben minik egin eskoitik eta Balenziagak ez eban askorik lagundu erasoko jokoan. Malagako partidutik ezer onik ataratekotan, Iker Muniainen errendimendua litzateke. Txantreakoa Athleticeko jokalari onena izan da Napolin zein Malagan. Sasoian dago eta gogotsu ganera. La Rosaledako epailearen lanaren ganean zer edo zer esateak ez dau merezi. Dana esanda dago.

Gatxa da iragartea zer gertatuko dan bihar San Mamesen Athleticek eta Napolik jokatuko daben partiduan baina gertaera gogoangarria izango da. Katedral barria txiki geratuko da Athletic zale guztiak batzeko Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko ahaleginean. Itzela eta ederra izango da.

Valverderen taldeak ondo bideratuta dauka kanporaketea. Entrenatzaileak iragarri dau Athleticek ez dauela jokatuko San Paolon lortutako emaitzeari begira. Bere estiloari eutsiko deutso talde zuri-gorriak. Seguru nago bihar ikusiko dogun Athleticek ez dauela zerikusirik izango Malagakoarekin. Ikusteko dago zelan ekingo deutsan partiduari Napolik. Rafa Benitezen taldeak gol bi sartu behar dauz aurrera egiteko eta teorian baino ez bada be, jokoaren ekimena hartu beharko leuke, Athleticek izten badeutso behintzat.

Ikusteko dago, baita, Valverdek aldaketarik sartuko dauen hamaikakoan Malagakoa ikusi ostean. Entrenatzaileak La Rosaledako bigarren zatirako egindako maniobrea errepikatu leike: Ibai zelairatu Beñaten ordez eta Muniain erditik ipini, Iturraspe eta Ricoren aurretik. Ikusteko dago, baita, De Marcosek ala Iraolak jokatuko dauen eskoiko hegalean. Kontuak kontu, gaur sufridu egingo dogu San Mamesen baina Athleticek ezin dau trena pasetan itxi.