ATHLETICEK bizirik urten dau Napoliko San Paolo futbol zelaitik eta urrats garrantzitsua emon dau Txapeldunen Ligako taldekako faserako sailkatzeko. Ez da gitxi. Aitortu behar dot Txapeldunen Ligako aurre-kanporaketako joaneko partiduak kezkea sortzen eustala. Rafa Benitezen taldeak, Italiako kopa txapeldunak, Txapeldunen Ligea jokatu eban igaz eta Arsenal edo Borussia Dortmundek menperatu zituan San Paolon. Azterketa gatxa zan Athleticentzat eta zuri-gorrien erantzuna bikaina izan da.

Napoliren aurkako partiduak zati ezbardinak euki zituan. Ernesto Valverderen gizonei kosta egin jaken partiduan sartzea. Apurka apurka ostera, Athleticeko jokalarien errendimenduak hobera egin eban. Defentsan lehenengo eta erasora begira beranduago. Zuri-gorriek tontorra zapaldu eben Iker Muniainek Oscar De Marcosen jokaldi bikaina gauzatu ebanean eta bigarren zatiaren hasieran partidua eta kanporaketea erabagita izteko aukerea be euki eben. Partiduko azken ordu erdian, baina, etxeko taldeak irauli egin eban partidua eta Iraizozen area inguruan sartu zituen lehoiak. Atezainaren lan itzelari esker, Athleticek emaitza bikainagaz ekingo deutso bueltako partiduari.

Emaitzaz ganera, San Paoloko partiduak argi erakutsi eban Athletic egitura sendoa dala. Hori bai, Higuainek sartutako golean bigunegi ibili ziran atzelariak. Goraipatzekoa benetan Iker Munianek jokatutako partidua. Aurrelari nafarrak lan bikaina egin eban erasoan zein defentsa lanetan. Aspaldiko partidurik onena egin eban Txantreakoak eta esan beharrik ez dago Athleticentzat oso garrantzitsua dala Muniain sasoi betean eta zentrauta ibiltea. Bikaina baita Gorka Iraizozen partidua. Oso serio hasiera hasieratik eta azken minutuetan atara eban eskuak balio ikaragarria euki leike kanporaketa honetan. Baloretekoa baita Beñat Etxebarriaren lana eta ahalegina. Txanponaren beste aldean, Iturraspe ez zan fin ibili eta taldeak igarri egin eban. Markel Susaetak be hobetu egin behar dau bere ekarpena.

Kontuak kontu, San Mamesen erabagiko da Napoliren aurkako kanporaketea. Horixe gura genduan. Athleticek emaitza ona lortu eban San Paolon, bai, baina lehenengo urratsa baino ez dau emon. Bigarrena falta da. Kanporaketea ondo bideratu dau Ernesto Valverderen taldeak baina garbi euki behar dogu hondino bide gogorrena dagoala egiteko. Gordin esanda, Napolik gol bat sartuko baleu San Mamesen ondo bideratuta dagoan sailkatzea okertu egingo litzateke. Beraz, pozik egon behar gara Napolin lortutako emaitzeagaz baina garbi izanda Athletic onena ikusi beharko dogula datorren eguaztenean San Mamesen Txapeldunen Ligako taldekako faserako txartela eskuratzeko.

Desiatzen nago Katedralera joateko datorren eguaztenean. Jokalarien esandakoaren arabera, izugarri polito geratu da estadioa. Ikaragarria izango da berrogeta hamar mila Athletic zale ikustea eta entzutea Napoliren aurkako lehian, Txapeldunen Ligako partidu baten. Ederra benetan.

Hitzordu historiko horren aurretik, baina, Athleticek Ligako txapelketako lehenengo partidua jokatuko dau zapatuan La Rosaledan. Txapeldunen Ligea lehiaketa ederra izan arren, eguneroko ogia Ligeak emoten dau. Ikusteko dago zelan buztartzen dituen lehiaketa biak Ernesto Valverderen taldeak. Entrenatzaileak asmatu egin beharko dau plantilea kudeatzeko orduan. Zuri-gorriek lan izugarria egin eben Napolin eta datorren eguaztenean be exijentzi handiko partidua jokatuko dabe. Beraz, aldaketak egotea itxaron geinke. Kontuak kontu, igazko denporaldia amaitu eban bidetik ekin deutso Athleticek ikasturte barriari eta aurten be gauza handiak itxaron geinkez.