ERREALITATEAsu baxuan egosten da egun hauetan, edo hala uste izaten

dugu. Gauza guztien erritmoa moteldu egiten da, eta egunerokoaren

ertzak apur bat biribildu, lausotuz bezala. Kanpotik begiratuta,

denbora gelditu egin dela eman lezake. Udako etena da.

Luzaroan amets egin duzu etenarekin, geldiunearekin. Ordu batzuetako etena, edo aste pare batekoa, edota hilabetekoa izango da eta iraupena gora-behera, gutxitxo irudituko zaizu ia beti, zerbait gehiago, luzeagoa eta bereziki emankorragoa nahi izatea berezkoa zaiolako etenaren mirari.

Hiztegiak “etena” berbak erabateko haustura ere adieraz dezakeela esaten du eta, adibidez, katea eten egin dela esaten dugu lehengo modura sekula itzuliko ez zen zerbait izendatzeko. Udako saio honetan,

alta, aldi baterakoa da etena, iraungipen-data laburrekoa eta horregatik, gutxi irauten duen zaporea uzten du ezpainen artean, saio honetako frutaren gisa.

Eten guztiak, baina, ez dira berdinak. Eten batzuk, izan ere, mingotsak dira, eta atsedena ezinezkoa. Gazan ordu batzuetako su-etenek hilotzak zenba-tzeko balio dute, ur-hornikuntza alferrik konpontzen saiatzeko, sator-zuloetatik atera eta kaleak izandako lubakietara hurbiltzeko, senitarteko eta lagunak malkoetan agurtzeko. Horiek ere etenak dira, aldi baterakoak, eta jakina, laburregiak dira.

Hangoek badakite zer den etenez eten bizitzea, gerra-aldi etengabea baita bertan egunerokoa, aldi baterako bake-eten laburregiek zipriztinduta. Kanpotik ikusita, denbora gelditu edo egin dela ematen du. Gogoratzen dudanez geroztik, gerra eta bake-ispilatzea tartekatzen dira bertan, gerra-aldi luzeak eta bake-eten laburrak.

Basakeriaren harritzarra bizkar gainean daraman Sisifo nekatua da Palestina, behin eta berriro erori eta etengabe zutik jartzera kondenatua. Duela hamar edo hamabost urtetako egunkarietan begiratu ezazu, eta azaletan gaur egungoek hitz berberak jasotzen dituztela ikusiko duzu. An-tzeko irudiak, min eta desesperazioa igual-iguala.

Horretan, etenik ez.