Síguenos en redes sociales:

Haitzak

PAPERA lurrera botatzea arduragabekeria zenik pentsatzen ez genuen bezala, garai batean ez zitzaigun burutik pasatzen ere hondartzako haitzetan salabardoarekin edo baldearekin izkirak eta karramarroak harrapatzen ibiltzean ekologiaren kontrako ezer egiten ari ginenik. Eta hara joaten ginen. Hondartzatik gertuen zeuden putzuetan ezer gutxi harrapatu genezakeen, eguzkiak epeldutako uretan hildako karramarroak baino ez zeuden, tripaz gora. Beraz, harrapakinak eskuratzeko aurrera egin behar zen, arroketan barrena egin behar genuen, txirrist egiteko eta hondar-tzara belaunak odoletan bueltatzeko arriskuarekin.

Eta bazeuden halako muga fisiko batzuk: harkaitz batetik bestera salto egiteko tarte bat, edo altuera batera igo beharra? Muga arrisku-tsuak. Eta erabakia hartu behar zen. Saiatu ala ez. Ur epeleko putzuan geratu, ala oraindik itsasoaren freskotasuna mantentzen zuten putzuetara heltzeko saiakera egin.

Gerora ikusi dut izkiratan eta karramarrotan joatean hartzen genituen erabakiek antz handia dutela bizi-tzan hartu ditugunekin eta hartu beharko ditugunekin. Batzuetan ez gara ausartzen zenbait muga gainditzen, beldurrak paralizatzen gaitu. Beste batzuetan, aldiz, aurrera egiten dugu, baina bideko amildegi arriskutsuetara heltzen garenean, askotan damutzen gara emandako pausoarengatik. Ondo nengoen ni bada ur epeletan, pentsatzen dugu. Baina aldaketa guztiek, aurrera pausu guztiek, behar dute horrelako zalantzazko gune bat igarotzea. Horiek igaro gabe, zaila da pausoak ematea. Zaila da aurrera egitea.

Hondartzara bueltatzen ginen, ba-tzuetan izkira eta karramarro txikiz beteta baldea, beste batzuetan hutsik. Baina gure poza ez zen izkira eta karramarrotan zenbatzen. Gainditutako beldurretan baizik. Beldurra ur epeletan utzi eta salto egiteko izandako adoreak egiten gintuen zoriontsu.