2013-14 denboraldiaren balorazinoa egiteko ordua helduta, gatxa da alde negatiboren bat aurkitzea amaitu barri dan kirol ikasturteari. Marcelo Bielsaren etaparen ostean hartu eban taldearen ardurea Ernesto Valverdek eta aurreikuspen guztiak hautsi ditu. Athleticek denporaldi itzela bete dau. Zenbakiak ikustea besterik ez dago. Zuri-gorriek hirurogeta hamar puntugaz amaitu dabe Liga eta hogeta hamazortzi jardunaldiren ostean, zortzi partidu bakarrik galdu dabez, erdiak sailkapeneko goialdeko hiru taldeen aurka. Gainera, taldeak erregulartasun handia erakutsi dau eta sailkapeneko laugarren postuari eutsi deutso abenduaren hasieran Bartzelona mendean hartu ebanetik. Kostatu egin jakon Valverderi zorioneko tekla famatua aurkitzea baina behin aurkituta taldeak ederto funtzionau dau, San Mameseko partiduetan batez be. Eta hori guztia, taldeko goleatzailerik onena fisikoki mugatuta izanda.
Izen propioak aitatzen hasita, Gorka Iraizoz atezainak aspaldiko denboraldirik onena egin dau aurten. Atzealdeko gizon bat aitatzekotan, Mikel Balenziagaren bilakaera itzela nabarmenduko neuke. Zumarragoak isilarazo egin dauz ezker hegalaren ganeko eztabaida guztiak. Ganera, taldeko onenetarikoa izan da azken aldian, taldeak gehien behar izan dauenean. Zelai erdiko jokalarien artean, Ander Iturraspek aurrerapausu itzela emon dau. Heldu egin da jokalari lez eta bere denporaldirik borobilena egin dau Valverderen eskutik. Ea baketan uzten daben eta ondo merezitako atsedena hartzen dauen ekainean.
Athleticen arrakasta talde lanean oinarritu dela garbi utzi behar bada be, Mikel Ricok laudorio guztiak merezi dauz. Arrigorriagakoa zaratarik egin barik heldu zen Granadatik eta Athleticek azken urteetan egin dauen fitxaketarik onena eta errentagarriena bilakatu da. Zer esango dogu Aritz Adurizen ganean. Aurrelariak asko sufritu dau pubalgia dela eta, baina halan ta guzti be inoiz baino gol gehiago sartu dauz Athleticen elastikoagaz. Donostiarraren parte hartzea ezinbestekoa izan da Valverderen taldearentzat eta jokatu ezinik geratu denean nabarmen igarri dau. Datorren urterako fitxaketarik onena Aduriz fisikoki ondo egotea izango da.
Txapeldunen Ligako aurre kanporaketa jokatuko dau Athleticek abuztuan eta hilaren zor-tzian jakingo da zer talderen aurka lehiatuko den. Napoli, Porto, Arsenal, Bayer Leverkusen edo San Petesburgeko Zenit ez dira aurkari errazak izango baina seguru nago Athletic be ez dela gustoko lehiakide izango eurentzako. Ernesto Valverdek, plantila indartu behar denentz itaunduta erantzun eban lez, lehenengo urratsa plantilako jokalariak manten-tzea litzateke. Josu Urrutia presidenteak esandakoaren arabera, hasi dira berbetan Iker Muniainen ordezkariagaz jokalari nafarraren kontratua luzatzeko asmoagaz. Txantreakoak esan eban bere kontratua barritzeko prozesua ez dela kulebroi bihurtuko eta itxaron daigun alde bien arteko akordioa lortzea, askorik luzatu barik. Edozein kasutan, garbi daukat Muniainek berak gura dauen lekuan jokatuko dauela hurrengo denporaldietan eta Athleticen jokatu gura badau Ibaigane ez da oztopo izango. Berak jakingo dau zer gura dauen baina klubak ez dau burua galdu behar.
Lehen taldeko plantila indartzeko beste bidea Lezamako harrobiak eskaintzen dauzan baliabideak aprobetxatzea da. Datorren urtean, Guillermok, Moranek eta Kepa Arrizabalaga atezainak aurrerapausu bat emon behar dabe eta gauza bera esan geinke atzetik datozen jokalari gazteen ganean. Unai Lopez, Aketxe, Guarrotxena eta beste batzuren ordua heldu da, bakoitza bere mailan. Williams, Undabarrena, Seguin, Jurgi Oteo, Gorka Iturraspe, Oscar Gil, Markel Exeberria eta abar luze bat ate joka datoz.