Athletic eta Realaren arteko derbyak bereziak dira eta izango dira beti. Sailkapenaren arabera, baina, partidu batzuk beste batzuk baino biziagoak eta lehiatuagoak izango dira. Ernesto Valverderen taldeak Rayo Vallecanoren aurkako partidua irabazita bete eban denboraldiko helburu nagusia eta zuri-gorriek Txapeldunen Ligako aurre kanporaketea jokatuko dabe datorren denboraldian. Liga txapelketako partidu bi jokatzeko egozanean zapaldu eben tontorra eta entrenatzailea helburu erantsiak ipinten ahalegindu arren (hamalau garaipen eskuratu San Mamesen eta hirurogeta hamalau puntura heldu) Athleticeko jokalariak ohi baino lasaiago zelairatu ziran derbyan. Egia esateko, denboraldia hasi aurretik inork ez eban pentsatuko partidu honetako hiru puntuak ez zirela garran-tzitsuak izango Europarako sailkatzeko borrokan. Derby deskafeinatua izan zen domekakoa.
Egia da, bai, Athletic ez dela Reala mendean hartzeko gauza izan denboraldi honetan. Ernesto Valverdek lehia amaitu ostean esan eban legez, ea datorren urtean be zuri-gorriek ez daben derbyrik irabazten baina Txapeldunen Ligea jokatzeko sailka-tzen diren. Ganera, domekako partiduan be esku eskuan euki eben garaipena. Ondino ez dakit arbitroak zer dela eta itxi eban balio barik Laporteren gola.
Ernesto Valverdek serio planteatu eban Realaren aurkako partidua eta aldaketa bakarra egin eban hasierako hamaikakoan. Bakarra, bai, baina oso garrantzitsua. Aritz Adurizek jokatu egin gura eban Realaren aurka San Mamesen baina gorputzak ez eutson baimenik emon. Donostiarra ebakuntza gelatik igaroko da datorren barikuan Alemanian pubisean dituen arazoak osatzeko. Itxaron daigun prest egotea hurrengo denboraldiaren hasierarako. Okerrik ezean halantxe izango da. Athleticek igarri eban Adurizen hutsunea Realaren aurkako partiduan. Taldeko goleatzaile onena izan arren, Adurizen ekarpena ez da errematera bakarrik mugatzen. Aberastu egiten dau taldearen erasoko jokoa.
2013-2014 denboraldiko azken partidua jokatu dau Athleticek San Mamesen. Itzela benetan, norgehiagoka hasieran eta amaieran bizi izandako giroa. 35.000 ikusle inguru batu ziren Katedralean Realaren aurkako derbya ikusteko. Hurrengo partiduan, ostera, 50.000 zaletik gora egongo dira harmailetan Txapeldunen Ligako aurre kanporaketako partiduan. Ondo bidean, San Mamesen jesarleku guztiak prest egongo dira abuztuaren bigarren erdialderako. Amai-tzear dagoen denboraldia oso gogorra izan da Athletic zale askorentzat. Taldea lan bikaina egiten ibili arren, bazkide ez direnek ez eukien zelaira joateko aukerarik, sarrerarik ez egoalako. Hurrengo denboraldian, ostera, guztientzako lekua egongo da. San Mames, amaitu barik ederra bada, zer izango da amaituta dagoanean. Itzela benetan.
Lehen taldeak denboraldi amaiera ezin gozoagoa izan badau, ez jake gauza bera gertatu klubeko beste talde biei, Bilbao Athletici batez be. Kuko Zigandaren taldeak ez dauz jokatuko bigarren A mailara igoteko play offak azken partidua galdu egin ebalako aurkari zuzen baten aurka. Denporaldi ia osoa lehenengo lau postuetan egon ondoren, bosgarren amaitu dabe Ligea. Play offerako sailkatu ez arren, Zigandaren taldeak urte bikaina burutu dau. Entrenatzaile nafarra lan itzela egiten dabil Athleticeko gazteekaz. Ez dogu ahaztu behar lehen talderako jokalariak egitea dela beheko mailetako talde guztien helburu nagusia eta Ziganda entrenatzaile bikaina da zeregin horretan.
Ezin amaitu emakumezkoen euskal selekzinoak Irlandaren aurka jokatu eta irabazitako partidua aipatu barik. Nire uste apalean, gure selekzinoak beste zelai handiago baten jokatzea merezi dau, Garmendiperi ezer kendu barik. Ziur nago Lasesarre bete egingo litzatekeela euskal selekzinoaren partidu baten. Bestalde, zorterik onena Athleticeri Valentziaren aurka jokatuko dauen kopako lehen kanporaketan. Joaneko partidua hurrengo asteburuan Lezaman.