Astegoien honetan begiratu be ez dodaz egin Espainiako Liga txapelketako emaitzak. Ardura bere ez. Europako ligetako sailkapenei begira ibili naz Athleticek Txapeldunen Ligako aurreko kanporaketan euki leikezan aurkariak topaten. Bayer Leverkussen, Wolfsburg, Arsenal, Napoli, Porto, Galatasaray, Feyenoord, Brujas, Pragako Sparta eta abar luze bat. Horixe da Athletic zaleon ardura nagusia Liga txapelketea amaitzeko jardunaldi bi geratzen diranean. Joan zan urteko garagarrilaren 13an, Bermeon, Ernesto Valverderen Athleticek denporaldiko aurreko lehenengo partidua jokatu ebanean baikorrenak be ez eban iragarriko zuri-gorriek hain denporaldi bikaina egingo ebenik. Real Madril, Atletico eta Bartzelona galaktikoak bakarrik izan dira Athletic baino hobeak amaitzear dagoan ikasturtean. Itzela benetan Ernesto Valverderen taldeak lortu dauena eta merezi dauen moduan balorau beharrekoa.
Hiru aukera eukiezan lehoiek laugarren postua matematikoki eskuratzeko eta lehenengoa nahikoa izan dabe. Vallecasen irabazi egin behar zan eta irabazi egin zan. Ernesto Valverdek plantilako gizon guztiak eroan zituan Madrilera, guztien laguntzea behar ebalako taldeak denporaldia biribiltzeko ahaleginean. Zaleek be ez eben huts egin eta Vallecasek Katedral txiki bat emoten eban. Osagarri guztiak zituan barruan lapikoak eta Athleticek ez eban huts egin. Ia denporaldi guztian egin dauen lez, Valverderen taldeak sendo jokatu eban Madrilen eta merezimentu osoz eskuratu eban garaipena eta Txapeldunen Ligarako txartela.
Athleticen denporaldia bikaina izan da. Partidu biren faltan Valverderen taldeak 68 puntu ditu eta hamahiru partidu irabazi ditu San Mamesen. Lortutakoa itzela bada, zelan lortu dan be goraipatzekoa da benetan. Marcelo Bielsaren urte biko etapearen ostea heldu zan Ernesto Valverde Athleticera. Liga txapelketaren hasieratik sailkapeneko goialdean kokatuta egon arren, entrenatzaileak kritika zorrotzak jaso zituan taldeak merezi baino puntu gehiago zituala esanez. Valverdek sendo eutsi eutsan lemeari eta apurka apurka taldea hasten joan zan. Bartzelonari San Mamesen irabazi eutsanetik -aurreko urteko abenduaren 1ean- Athletic sailkapeneko laugarren postuan dago. Ligeak horixe eskatzen dau: erregulartasuna. Gol asko sartu, gitxi jaso eta joko ona erakutsi, San Mamesen batez be. Horixe egin dau Ernesto Valverderen taldeak. Hori guztia zaratarik egin barik, ika-mika barik, kiroltasunez, probokazioetan sartu barik, giza legez jokatuta. Horrelakoa da Ernesto Valverde. Entrenatzaile eredugarria.
Athleticeko entrenatzaileak Txapeldunen Ligaren ganeko galderak erantzun beharko ditu aste honetan Lezaman. Datorren denporaldirako plantilea indartzeko lehenengo urratsa gaur egun daukagun koadrileari eustea da. Laporteren ganeko zurrumurruak geraezinak dira. Muniainek kontratu barria negoziau behar dau eta Herreraren izena be dantzan dabil. Lasai nago. Athleticek ez dau inogaz negoziauko eta talderen batek gure jokalariren bat fitxateko daukan bide bakarra kontratua hausteko klausulea ordaintzea da. Kitto.
Txapeldunen Ligako balizko aurkariei begira egon arren, Athleticek liga txapelketako partidu bi jokatu behar dauz hondino. Reala dator domekan San Mamesera eta zuri-gorriek gorputz eta arima jarriko dabe zelaian garaipena eskeintzeko zaleriari. Derbia da, Katedralean jokatzen da eta Valverderen gizonek biribildu egin gura dabe denporaldia. Zuri-urdinak ez dira arerioak edo beste bandokoak. Auzoko aurkariak dira.
Zorterik onena Bilbao Athleticeri azken jardunaldirako eta animoak Andoni Aretxabaletari.