Europa mailako futbol txapelketarik garrantzitsuena jokatzeko txartela eskuratzea amets baten antzekoa da Athletic lako taldeko batentzat. Orain dala hamasei denporaldi jokatu eban azkenengoz eta lehenengoz Txapeldunen Ligan Luis Fernandezen eskutik. Ba amets hori egi bihurtzeko zorian dago Ernesto Valverderen taldea. Hiru jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta zuri-gorriek esku eskura daukie sailkapeneko laugarren postuan amaitzea. Zuri-gorriek barriro erakutsi dabe ligako talderik onena dirala, -goiko hirukotearen atzetik- eta ondo merezita eskuratuko dabe Txapeldunen Ligarako txartela.
Egia esateko, urduritasun ikutu bategaz joan ginan domekan San Mamesera Sevillaren aurkako partidura. Athleticenganako konfiantzea handia izan arren, denporaldi osoa egoan jokoan partidu bakar baten eta finaletan, jakina, edozer gertatu daiteke. Partidu gogorra itxaroten genduan, lehiatua, emozino handikoa. Gure usteak ustelak izan ziran, Athleticek goitik behera menderatu ebalako aurkaria. Ganera, Markel Susaetak laugarren minutuan sartutako golak zalantza guztiak uxatu zituan. Partidua hasi baino lehen batek baino gehiagok sinatu egingo eban bardinketea. Athleticek, ostera, garaipenaren bila urten eban bere betiko estiloari eutsita.
Inork ezer oparitu barik lortuko dau Athleticek Txapeldunen Ligarako sailkapena. Ernesto Valverderen taldeak maila bikaina emon dau denporaldi osoan eta ez dau huts egin partidu klabeetan. Ez eban galdu Sanchez Pizjuanen, Mestallan edo Vila-realen eta domekan be ez eban huts egin Sevillaren aurka, laugarren posturako aurkari nagusiaren aurka. Finala zan, irabazi beharreko partidua, eta Athleticeko jokalariek zein San Mamesen bildutako zaleek garbi erakutsi eben lehenengo minuturako hiru puntuak Bilbon geratuko zirala. Ernesto Valverdek talde sendoa osotu dau. Erasoko jokoa da oinarri nagusia baina atzealdeko sendotasunean sustraituta. Ez da erreza jokalari baten lana nabarmentzea beste guztien ganetik. Atezaina oso sendo dabil, Iturrasperen lana eta kalidadea itzelak dira Ricok bikain lagunduta, Aduriz, Herrera, Iraola, Muniain...Baina izen bat azpimarratzekotan Mikel Balenziagarena litzateke. Zumarragakoari arinegi amaituko jako denporaldia. Egunetik egunera hobeto dabil eta atzealdean gaindiezina izateagaz ganera, erasorako zituan mugak gainditzen hasi da.
Tontorra hurre egon arren, azken urratsak falta dira hondino eta sarritan horreek izaten dira gatxenak. Hiru puntu behar ditue zuri-gorriek matematikoki laugarren postuan amaitzeko, beti be Sevillak eta Realak geratzen diran hiru partiduak irabaziko balebez. Athleticek ez dau beste emaitza batzuren menpe egon gura eta Ernesto Valverdek argi eta garbi esan dau garaipenaren bila joango dira barikuan Rayo Vallecanoren zelaira. Egia esateko, zelai aproposa izan daiteke helburua gauzatzeko. Paco Jemezen taldea bigarren itzuli bikaina egiten dabil, bai, eta baldintza normaletan Vallecasekoa norgehiagoka gogorra izango litzateke. Rayok, ostera, 43 puntu batu dauz eta agur esan deutso mailari eusteko borrokeari.
Arestian aitatu doten lez, orain dala hamasei urte jokatu eban azkenengoz Athleticek Txapeldunen Ligea. Denporaldi haretan, Ernesto Valverdek kadete mailako taldea entrenaten eban Lezaman. Susaeta, Solabarrieta, Azkorra, Alaña edo Alex Goikoetxea egozan talde haretan. Inork ez daiala zalantzarik izan. Ernesto Valverdek zuzenduko dau Athletic hurrengo denporaldian. Eta ez beste urte beteko kontratua daukalako, berak hemen jarraitu gura daualako baino. Valverde Athleticen semea da eta ez dogu bera baino entrenatzaile hoberik aurkituko. Zergaitik ezin da izan Athleticeko Ferguson? Amaitzeko, zorionak Athleticeko emakumezkoen bigarren taldeari txapeldun geratu dira-eta.