Lau jardunaldi geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta Athletic da faborito nagusia sailkapeneko laugarren postuan amaitu eta Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko. Irakurketa hori egin behar dogu Bartzelonaren aurka galdu eta Sevillak irabazi ostean bat baino gehiago urduritzen hasita badago be. Esan beharrik ez dago Txapeldunen Ligarako bidea ez dala samurra izango eta inork ez deutsala ezer oparituko Athleticeri. Zuri-gorriek irabazi behar dabe sari preziadu hori. Euren eskuetan dago. San Mamesen erabagiko da erabagi beharrekoa eta Ernesto Valverderen gizonek ezin dabe huts egin. Ez dabe huts egingo eta denporaldi bikaina biribilduko dabe. Ahalegin horretan, Katedrala irakiten egon behar da datorren domekan Sevillaren aurkako partiduan.
Espainiako Kopa txapelketako finala galduta eta Txapeldunen Ligatik kanporatuta geratu ostean ekin eutsan Bartzelonak Athleticen aurkako partiduari. Antza, une aproposa ei zan Nou Campen irabazteko, bederatzi urteko siketearen ostean. Bartzelonaren estadioan irabazteko, baina, gauza asko gertatu behar dira. Serio jokatzea eta gogo itzela ipintea ez da nahikoa Messi eta enparauak mendean hartzeko. Ernesto Valverderen taldeak duintasunez galdu eban, baina galdu egin eban. Duintasuna barik, puntuak behar ditu Bilboko taldeak Ligako azken txanpa honetan. Iraizoz eta Aduriz izan ziran Athleticeko jokalari onenak Bartzelonak. Atezainari esker amaitu eban taldeak golik jaso barik lehenengo zatian eta aurrelariari esker aurreratu zan markagailuan bigarren zatiaren hasieran. Bartzelonak, ostera, minutu bitan irauli eban partidua. Lehenengo golean Balenziagak eta Muniainek alfonbra gorria ipini eutsen Alvesi eta bigarrengoan Iraizozek ez eutsan erantzun ona emon Messiren jaurtiketeari. Horren aurretik, arbitroak be laguntza bikaina emon eutsan Martinoren taldeari Susaetaren gola balio barik itxita. Arestian aitatu lez, gauza asko jazo behar dira Nou Campen irabazi ahal izateko.
Gustau egin jatan Athleticek bigarren golaren jaso ostean emondako erantzuna. Kikilduta geratu beharrean, Aduriz eta enparauek konplexu barik jokatu eutsen Bartzelonari eta bardinketea lortzeko zorian izan ziran. Mikel Ricok amesetan egingo eban luzapenean partidua bardintzeko euki eban aukereagaz. Puntutxu horrek urrean balioa eukiko eban baina...
Kontuak kontu, denporaldiko une erabagigarrira heldu gara. Hogeta hamalau jardunalditan jo eta su ibili ostean, datorren domekako partiduan erabagiko da, zati handi baten behintzat, Athleticek Txapeldunen Ligan jokatuko dauen hurrengo denporaldian. Aurreko jardunaldietan gertatutakoa ahaztu eta egoerea objektiboki aztertuta, Athletic egoera ezin hobean heldu da azken lau partiduetara. Hiru puntuko aldea kentzen deutso aurkari nagusiari eta San Mamesen jokatu behar dau haren aurka. Athleticek denporaldi osoan erakutsi dau Txapeldunen Ligea jokatzea merezi dauela eta hori baieztatzeko irabazi egin behar deutso Sevillari datorren domekan. Garaipen bategaz, Europako lehiaketa handienerako sailkapena ia bermatuta geratuko litzateke.
Domekan faltan botako dogu Del Nido jauna. Ezin izango dau etorri beste zeregin batzutan dabilelako buru belarri sartuta. Sevillaren aurka jokatutako kopako finalaurreko haretako giro zirraragarria berreskuratu behar dogu danon artean datorren domekako partidurako. Aukera historikoa da eta ezin dogu alperrik galdu.