EGURALDI onarekin batera, hiriko zoro guztiak askatzen dituztela esan dit lagunak. Aspaldi ikusi gabe, topo egin dugu kalean, eta bata bestearen aurrean hizketan geundela, gizon bat agertu da gure artean sua eskatuz. Ezetz esan diogu, ez dugula erretzen. Eta jarraian, zigarro bat eskatu digu. Ezetz guk. Segundo pare bat isilik egon ondoren, euro bat eskatu digu. Nire laguna nazkatu egin da eta bakean uzteko esan dio, nahiko modu zakarrean. Orduan, gizona barre algaraka hasi da, eta nire laguna atzamarrarekin seinalatuz poliki-poliki aldendu da. Eguraldi onarekin, hiriko zoro guztiak askatzen dituztela esan du orduan nire lagunak. Argi dago zoroaren barreak ez diola inolako graziarik egin.

Elkar agurtu ondoren, kaletik aurrera nindoala, jendeari atentzioz begiratzeko saiakera egin dut, nire lagunaren teoria benetakoa den egiaztatu nahian bezala. Adineko emakume bat ikusi dut, zigarroari zupada emanez, begiak kiñuka; ikusi dut gizon nagusi bat, etxeko zapatillekin, makulu baten laguntzaz oinez; neska bat, begizulo sakonekin, txakur bat daramala sokatik helduta, edo ez dakit txakurra ez ote den bera daramana; bakarrik berbetan doan mutil bat; txandala jantzita doazen bi gizon, bakoitzak eskuan zerbeza lata bat daramala; gizon bat eskurik gabeko telefonoarekin ozen berbetan, eskuak gora eta behera dituela; adineko emakume bat aieneka, ustekabean korrika atera zaion iloba txikiari heldu ezinik; emakume bat telefonoz berbetan, semea atentzio pixka bat eskatuz gonatik teinkaka duela; bi gaztetxo, mugikor bana eskuetan, makina hark sorginduta bezala teklak sekulako abiaduran zapaltzen kaletik aurrera egiten duten bitartean.

Eta bat batean, eskubi aldean dudan erakusleihoari begiratu eta nire isla ikusi dut. Eta han ikusi dut emakume bat, tentel baten modura ahoa zabalik, bere hiriko jendea lehenbizikoz ikusiko balu bezala. Nire lagunaren teoria baieztatu dut une horretan bertan. Eguraldi onarekin zoro guztiak irteten gara kalera.