bOST jardunaldi baino ez dira falta Espainiako Liga txapelketea amaitzeko eta Athleticek sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen dau eta sei puntuko aldea kentzen deutso aurkari nagusiari. Horixe da gure taldearen errealidade gozoa. Datorren denporaldian Txapeldunen Ligan jokatzeko txartela eskuratzea gero eta hurrago daukie Ernesto Valverderen gizonek. Malagaren aurkako partidua irabazi egin behar zan bai ala bai eta zuri-gorriek ez eben huts egin. Partidu serioa jokatuta ganera. Inork uste ba eban denporaldia luze egingo jakola Athleticeri eta gasolina barik helduko zala Ligako azken txanpara, Bilboko taldeak garbi erakutsi dau indartsu dagoala eta oldarkor erantzungo deutsela aurkarien erasoei.
Sailkapeneko bosgarren sailkatua hiru puntura eukiela zelairatu ziran lehoiak Malagaren aurkako partiduan. Unai Emeryren taldea azken txanpa itzela egiten dabil eta domeka guztietan presinoa sartzen deutso talde zuri-gorriari. Athleticek, ostera, Ernesto Valverdek esaten dauen lez, ondo jokatzen dau presinopean eta aurkaria hain hurre ikusita kikildu beharrean, sendo erantzuten dau zelaian. Sendotasun horrek aukera barik itxi ditu laugarren posturako ganerako hautagaiak.
Malagaren aurkako partiduko lehen minututik garbi geratu zan jokoan egozan hiru puntuek urrearen balioa eukiela etxeko taldearentzat. Susaeta, Aduriz, Iturraspe, Muniain eta enparauek sutsu ekin eutsen norgehiagokari eta euren lanak saria jaso eban laugarren minuturako. Gol horrek lasaitasun handia emon eutsan taldeari eta aspaldiko lehen zatirik onena egin eban Ernesto Valverderen taldeak San Mamesen. Bigarren zatia hasi eta Adurizek sartutako bigarren golak erabagita itxi eban norgehiagokea. Aurrelari donostiarraren jardunak aitamen berezia merezi dau. Hamabost gol daroaz denporaldi honetan eta taldeko liderra dala esan geinke. Aduriz ondo dagoanean, Athleticek ondo jokatzen dau eta zorionez emoten dau aurrelaria sasoi betean heldu dala Ligako azken txanpara. Azpimarratzekoa baita Erik Moran gazteak zelai erdian egindako lan ona. Taldeak ez eban igarri Mikel Ricoren hutsunea. Egia esateko, Iturraspe alboan izateak asko lagundu eutsan Portugaleteko gazteari. Mikel Balenziagak egindako lana be nabarmendu gurako neuke. Zumarragakoak ondo eutsi eutsan Amrabat, Malagako aurrelari arriskutsuenari eta inoiz baino hobeto bete eban erasoko lana be. Partidu bikaina Balenziagarena.
Matematiken arabera, Athleticek Txapeldunen Ligarako txartela eskuratuko dau etxeko partiduak irabazita. Helburua beteteko ezinbestekoa da zaleriaren laguntzea eta Malagaren aurkako partiduan jarrera aldaketea ikusi neban Katedraleko harmailetan. Denporaldiko partidu gehienetan taldeak behar baino hotzago ibili ondoren, Athletic zaleek babes osoa eskaini eutsen jokalariei lehenengo minututik. Horixe da bidea Sevilla eta Realaren aurkako partiduetan be.
Bartzelonaren aurka jokatuko dau Athleticek Aberri Egunean. Inoiz ez da une egokia Nou Campen jokatzeko baina zuri-gorriek ukabilkada itzela emon leikie mahai ganean Bartzelonaren zelaian irabazita. Martinoren taldea ikututa dago eta Kopako finala jokatuko dau gaur. Ez dot esaten hiru puntuak eskuratzea erreza izango danik baina ez dogu baztertu behar Valverderen taldeak ezustekoa emotea Nou Campen. Zuri-gorriek ez daukie zer galdurik eta ederra izango litzateke Bartzelonan irabaztea. Zergaitik ez?.