Ikututa eta izorratuta urten eben Athleticeko jokalariek San Mamesetik Atletico de Madriden aurka galdu ostean. Ernesto Valverderen gizonek ezin izan eben punturik eskuratu Liga txapelketako liderraren aurka. Kontua da, baina, Athletic ez dala lehiakide bakarra Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzeko borrokan eta zuri-gorriak sari barik geratu baziran azken partiduan, antzeko zeozer gertatu jake Europarako lehiaketa handienerako bidean aurkari dituen taldeei. Ganera, lehiakide horreek ez dabe liderraren aurka jokatu eta Athleticek baino behar handiagoa daukie puntuak eskuratzeko, izan be, gero eta denpora gitxiago daukie lehoiek kentzen deutsen aldea murrizteko.
Aitortu behar dogu apur bat arduratuta urten genduala guztiok Katedraletik, Atletico de Madriden aurka galdu ostean, aurkariek hurreratzeko aukera bikaina eukielako. Kontuak kontu, garbi dago denporaldiko sasoi honetan puntu guztiak oso garesti saltzen dirala eta Athleticek ezeze, Sevillak, Realak eta Vila-realek ezin izan eben garaipena eskuratu. Kontuak kontu, eta bitxia bada be, azken jardunaldia oparoa izan da Athleticentzat San Mamesen galtzaile izan arren. Izan be, jardunaldi bat gitxiago geratzen da Liga txapelketea amaitzeko eta zuri-gorriek sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen dabe eta eutsi egiten deutse atzetik datozan aurkariekiko aldeari.Bat baino gehiago larrituten hasita ikusi neban Atletico de Madriden aurkako partiduaren ostean. Egia esateko, errealidadea zehatz aztertuta argi eta garbi esan geinke Athletic egoera ezin hobean dagoala sailkapeneko laugarren postuan amaitzeko. Presinoa ez dago zuri-gorrien bizkarrean, atzetik datozan taldeen bizkarrean baino. Talde horreek ikusten dabe jardunaldiak aurrera doazala eta ez dirala gauza laugarren postura hurreratzeko. Denporea gure alde doa. Ernesto Valverderen gizonen eskuetan dago Txapeldunen Ligarako txartela eskuratzea, inori begira egon barik. Bidea ez da erreza izango baina zorionez, huts egiteren bat edo beste egiteko aukerea be badauke zuri-gorriek. Ganera, ez dogu ahaztu behar Sevillak eta Realak San Mamesen jokatu behar dabela. Hau da, Athleticen zelaian erabagiko da ze taldek amaituko dauen laugarren postuan. Edozeinek sinatuko leuke Liga amaitzeko zazpi jardunaldiren faltan sei puntuko aldea izatea eta aurkari biak etxean har-tzea.
Arduratzen hasteko errazoirik ez dagoala garbi itxi ostean, aitortu behar dot ez jatala gustau Athletic Atletico de Madriden aurkako partiduan. Simeonerena talde berezia da. Futbolean jokatzeko orduan ez da heltzen Bartzelona edo Real Madriden mailara. Beste alde batetik, ostera, munduko aurkaririk deserosoena da. Irabazteko gatxa. Gabi, Koke, Raul Garcia eta enparauek presino itogarria egiten dabe baloia lehenbailehen berreskuratzeko eta helburu hori lortu ostean, Diego Costa bilatzen dabe, ondo baino hobeto dakielako horixe dala aurkariaren atea zulatzeko biderik zuzenena. Athleticeko jokalariek baekien zer aurkituko eben zelaian baina ez ziran gauza izan aurkaria menderatzeko, partidu hasieran aurreratu eta bigarren zatian markagailua orekatzeko aukerak izan arren. Nortasun barik ikusi neban Ernesto Valverderen taldea. Aurkariaren eskuetan gehienetan. Agresibidade barik. Adore barik. Athleticeko entrenatzaileak aitortu eban lez, koltxoneroak lehoiak baino gehiago izan ziran borroka guztietan. Holan ez dago partidua irabazterik. Beste alde batetik, ez dakit zer jazoten dan Beñat Etxebarriagaz, baina Ernesto Valverdek argi erakutsi dau ez daukala konfiantzarik Igorreko jokalariarengan. Bestela ez da ulertzen Martinez Valeron ez zelairatzea eta hamar minutu bakarrik jokatzea Atletico de Madriden aurka. Ez da normala.