OLGIK urteak daramatza ospitalean lanean. Erizaina da, gutxi falta zaio jubilatzeko, eta hamaika egoera latz eta pozgarri ikusi ditu bertan: jaiotzak, heriotzak, ohetik mugitu ezin den jendea, denbora gutxian hobera egiten duena...
Hamaika gizon eta emakume artatu ditu Olgik, eta urte hauetan egiaztatu du haurdunaldia eta erditzea kenduta, urtetan emakumea ez dela kontuan hartu osasun arloko ikerketetan. Emakumeak gizonen gaixotasun eta gorputzaren patroia jarraituz artatu dituztela, eta honek emakumeek izan ditzaketen hainbat gaitz osatzeko eta diagnostikatzeko arazoak sortu dituela.
Gaur, adibidez, Olgik badaki hainbat emakumek arazo kardiobaskularrak dituztela, baina ez direla denbora luzean behar bezala diagnostikatu sintomak ez baitira zehazki gizonenak bezalakoak. Olgik gaur badaki emakumeak gizonek baino bizi iraupen luzeago dutela, baina horrek ez duela esan nahi bizi eta osasun kalitate hobea dutenik. Eta badaki emakume eta gizonen gorputzak biologikoki ezberdinak izateaz gain, badaudela hainbat faktore sozial eta kultural haien osasunean eragina dutenak eta haien osasun beharrak ezberdinak izatea eragiten dutenak.
Horregatik dago Olgi harrituta azken aldian abortoaren legea aldatzeko dagoen asmoarekin. Emakumeak osasun politiketan ia ikusezin izan badira hainbat urtetan, zergatik orain hainbesteko interesa emakumeen gorputzetan?
Ez dela harritzekoa esan dio bera baino askoz gazteago den bere lankide Laurak. Aldiz, ikusezintasun horren jarraipena baino ez dela Gallardon ministroaren proposamena. Haientzat emakumea kontinentea da bakarrik, haragizko seaska bat, eta emakume izateagatik baino gehiago, seaska delako interesatzen zaiela.
Olgik badaki legea aldatuta ere, behar duten emakumeek abortatzen jarraituko dutela. Bere kezka da zelako baldintzatan egingo duten. Urte asko daramatza ospitalean lanean, eta gauza asko ikusi ditu.