ERREGIMEN hitzak gobernu era baino ez zuen esan nahi Franco aurretik, baina Francoren gobernuak bere buruari izendatzeko erabili zuenetik, hitzaren adierak asko murriztu dira, ia frankismoaren sinonimo izateraino.
Erregimenean denek dute gobernu era horri eusteko ardura. Gobernuak, eta oposizioak, edo oposizio itxurak. Patxi Zabaletak zera zioen Euskadi Irratian aurreko egunean: Nafarroan erregimena dagoela, eta horri eusteko PSN-ren onespena derrigorrezkoa dela. Entzun nuenean Sanchez Ostizen nobela zoritxarrez ahaztu bat etorri zitzaidan gogora: La Pirañas. Nobela horretan idazle nafarrak PSN gobernuan zegoeneko garaia azaltzen du Rafael Chirbesen Crematorio eta En la orilla adinako maisutasunez (konparazio ez da debaldekoak biak ala biak antzeko mundu ikuskera eta teknika literarioa erabiltzen baitute). Las Pirañasen Urralbururen garaiko ustelkeria, jauntxokeria, kaikukeria, alprojakeria eta mutxo asmo nahia azaltzen dira modu gupida gabean, boterea eta haren mekanismoen kritika zorrotza egiten da, bizitzaren ikuskera desolatua irakurlearengan iltzatzearekin batera.
Nobela idatzi ondoren -dietarioetan kontatzen du, ez noa ni ezer agerian jartzera- bi matoi bidali zizkioten, izugarrizko jipoia eman, eta erietxera bidali zuten. Bertan dagoela matoien ustezko kontratatzailea ageriko zaio irribarre eta hitz zuria darizkiola. Idazleak, jakina, badaki zergatik jipoitu duten, baina ez jakinarena egiten du bestearen aurrean, bien artean artean halako elkarrizketa absurdu bat sortzen dutela.
PSN-rik gabe ez legoke Erregimenik Nafarroan. Egia da Barcina eta UPN daudela gobernuan baina PSNren papera perbertsoa da: ezkerreko moralkeria mizkinez eskubide urraketen aurrean eskandalizaturena egiten du baina gero ez dauka urraketa horietatik etekina atera-tzeko batere lotsarik. Erreparatu diozue D ereduko irakasleen ikerketaren salaketan zein indar gutxi jarri duen!? Edo, dena ETA delako zio, Barcinak egin duen justifikazioari zein gutxi egin dioten kontra? Francoren garaiko Elizaren jokamoldea gogoratzen dit.