Síguenos en redes sociales:

Respect: Errespetua futbolean

UEFAk 2008 urtean ipini eban martxan Respect kanpainea. Europako Futbol Federazinoen Batasunak futbolaren oinarri nagusitzat joten dau errespetua. Errespetua aurkariari, duintasunari, arbitroari, araudiari, jokalarien osasunari, zalegoari. "Gure mezua argia da: tolerantziarik ez arrazismoaren, biolentziaren eta dopinaren aurrean. Futbolak batu egiten dau jentea eta desbardintasun guztien ganetik dago. Azalaren kolorea ez da ikusten elastikoaren azpitik. Futbola eredugarria izan behar da". Helburu ederrak benetan.

Zoritxarrez, futbol mundua maite dogunok ondo baino hobeto dakigu sarritan -edo askotan- futbola ez dala eredugarria izaten. Norgehiagoka irabazteko egarriak ondorio lotsagarriak eragiten ditu. Edozerk balio dau hiru puntuak eskuratzeko lasterketan eta ondorioz, lehiak, borroka bilakatzen dira. Futbolaren alde ilunak ikusteko, baina, ez da Europan zehar ibili behar. Etxe alboan ikusi geinkez.

Futbolak Bizkaian daukan garrantzia itzela da. Hamalau urterik gorako 13.800 pertsona dagoz federatuta eta astegoienero hirurehun partidutik gora jokatzen dira. Eskola kirolean 19.000 fitxa dagoz eta bostehun norgehiagoka baino gehiago jokatzen dira zapatu-domeketan. Arestian esan dogun lez, sarritan errespetuaren eta kiroltasunaren aurka doazen jarrerak nagusitzen dira zelaietan. Horreri aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak Txartel baltza sortu dau aurten. "Heziketaren aurkako jokabideengatik kargu har-tzeko". Ahozko indarkeria nahiz indarkeria fisikoa, edo kiroltasunik gabeko jokabideak zigortuko dira. Txartela lehen aldiz ataraten danean, ekitaldian parte-hartzen dagozanei esango jake hezigarriak ez diran jarrerak gertatzen ari dirala, eta, jarrera horiei eutsi ezkero, lehiaketa eten egingo dala. Bigarren aldiz erakusten danean, kirolariei ekitaldia amaitu dala esateko izango da. Ekimen eredugarria benetan.

Futbol federatua -hamalau urtetik gora-, ostera, oihana lakoa da: indartsuenaren legea da nagusi. Hasteko, ezin dogu normaltzat jo astegoienero zelai askotan -guztietan ez esatearren- jazoten dana: arbitroa iraintzea. Ez dakit zergaitik baina sarrerea ordaitzen dauenak, antza, eskubide osoa dauka edozer esateko jokoa zuzentzen dauenari. Fernandez Borbalan ez da ikaratuko Adurizeri txartel gorria ganora barik erakutsi eta San Mamesen sekulako bronkea entzuten dauenean. Badaki inork ez deutsala ezer egingo. Ez dau gauza bera pentsetan Bizkaiko herri baten erregional mailako partidu bat zuzentzen dabilen hamahiru-hamalau urteko arbitro batek.

"Puto negro, cuando salgas te vamos a reventar". Mehatxu hau ez dabe Frente Atletico edo Ultra Sur-eko batzuk bota. Bizkaiko herri baten, kadete mailako partidu baten, orain dala egun batzuk bota eutsoen arbitroari etxeko taldeko jokalari batzuk. Hamabost urteko mutilak. "Eres un gilipollas, puto payaso" edo "Te vas a cagar" eta "Vete a vender CD-s" be entzun behar izan zituen, guztiak mehatxu giro baten. Irain eta mehatxu guztiak ipini ebazan arbitroak partiduko aktan. Lehiaketa batzordearentzat, antza, gertakariak ez ziran larriak izan, partidu bakar bateko zigorra ipini eutsen-eta txartel gorria ikusi eben jokalariei. Ikaragarria, lotsagarria eta kezkagarria.

Zoritxarrez, holako gertakariak ez dira ezohikoak gure herrietan. Gura baino sarriago jazoten dira. Oraintsu, gazte mailako partidu baten, etxeko taldeko jokalari batek labana erakutsi eutsen aurkariei. Holako gauzak geure etxe alboko zelaietan gertatzen dira. Ez dira Austria Viena, San Petesburgeko Zenit, River Plate edo Izar Gorriaren zelaietan bakarrik gertatzen. Esan beharrik ez dago horren aurka egin behar dala eta sendo ganera. Erantzunkizuna guztiona da. Entrenatzailearen jarrerea erabagigarria da, bera da-eta artaldearen burua. Klubek be, konpromezu argia hartu behar dabe horrelako jarreren aurka. Udalak dira futbol taldeen diru iturririk handiena eta ezin dabe ezikusiarena egin.