Liga txapelketako lehenengo herena joan jaku ia konturatu barik eta Ernesto Valverderen taldeak egindakoaren eta erakutsitakoaren ganeko lehen balorazino sakonak egiteko ordua be heldu da. Sailkapen nagusira begiratuta, eztabaida-ezina da Athleticek hasikera bikaina emon deutsala 2013-14 denporaldiko liga txapelketeari. Zuri-gorriek hogeta hiru puntu eskuratu ditue hamahiru partidutan eta progresino horregaz jarraitu ezkero datorren urtean Europa mailako txapelketa baterako txartela eskuratuko leukie. Garbi dago, jokoari jagokonez, badirala hobetu beharreko gauzak. Baina ez dot bidezko ikusten Athleticek egin dauen liga hasiera bikaina gitxiestea, jokoan erakutsi dituen hutsuneak nabarmenduta. Ganera, joko gorabeheratsua eskainita taldea sailkapeneko bosgarren postuan badago noraino iritsi daiteke konpondu beharrekoak konpontzen diranean?
Aurkariei begiratuta, sailkapeneko lehen hiru postuetan dagozan taldeak kenduta, Vila-realek emon dau itxura sendoena. Gogoratu daigun Athleticek denporaldiko partidurik onena egin ebala Marcelinoren taldearen aurka. Sailkapeneko bosgarren postuan gagoz, Txapeldunen Ligako postuetatik puntu batera eta zazpigarrenari sei puntu kenduta, eta ez gagoz konforme taldeak hobeto jokatu beharko leukelako. Aseezinak gara.
Etorkizunari begira baikor izateak ez dau esan gura dana ondo dagoanik. Athleticek gauza asko ditu hobetzeko, etxetik kanpo partiduetan batez be. Vicente Calderonekoa edo Granadakoa ezin dira errepikatu. San Mamesen, emaitzak onak izan arren, taldeak ezin ditu lehen zatiak sastar-ontzira bota aurkariari aurreratzeko aukerea emonda. Erreakzinoak politak dira baina Valverdek berak aitortu dauen lez, partiduak luzeegiak izaten dira Katedralean.
Ezker hegalak be kezkatu egiten nau. Balenziaga lesionauta, atzealdea herren geratzen da. Saborit ez dago lehen mailan jokatzeko eta De Marcosen lekua ez da atzealdeko ezker hegala. Eta Balenziaga joka-tzeko prest egonda be, haren errendimendua ez da lar ona.
Athletic bosgarren dago sailkapenean, Muniain, Beñat eta Herrera barik. Gaitasun handiko jokalariak izan arren, euren errendimendua makala izan da orain arte eta ikusitakoa ikusita, oraingoz ez dauke lekurik hasierako hamaikakoan. Hiru jokalari horreen bersinorik onena behar dau taldeak. Bestalde, Aritz Adurizek arazo fisikoak izatea kezkagarria da benetan, bere ekarpena itzela dalako, golik sartu ala ez sartu.
Hogetahiru puntu lortu izana orain arteko gauzarik onena izanda be, badira beste kontu positibo ugari. Taldeak fede itzela erakutsi dau San Mamesko partiduetan, bost bider markagailuan atzetik egonda, amore emon beharrean markagailua irauli egin dau-eta. Horrek asko esan gura dau plantilearen alde. Horregaz lotuta, garrantzi handikoa da Katedrala gotorleku bilaka-tzea. Ezinbestekoa da denporaldi ona egiteko. Beste alde batetik, hamahiru jardunaldi jokatu ostean, ez dago eztabaidarik atezainaren inguruan, Gorka Iraizoz ederto jokatzen dabil-eta. Atzealdea be hasikeran baino hobeto dabil, Gurpegi-Laporte bikoteagaz. Zelai erdiari jagokonez, garbi geratu da Iturraspe eta Mikel Rico ezinbestekoak dirala zelaian. Matienakoa bikain dabil defentsearen aurretik taldearen jokoa antolatzen eta orekea emoten. Arrigorriagakoa eliteko profesionala da. Une guztietan daki zer egin behar dauen eta non egon behar dan. Edozein entrenatzailek bere taldean euki gurako leuken jokalaria. Eta ganera golak sartzen dauz. Hirugarrena falta jake. Valverdek Beñat, Herrera eta Muniain erabili ditu baina ez da konforme geratu.
Pozgarria Guillermo Fernandezen debuta. Hamar urtegaz heldu zan Lezamara eta lehen mailara iritsi da. Albiste bikaina Athleticentzat. Pozgarria baita, Toquero barriro protagonismoa hartzen ikustea. Bere ekarpena positiboa da beti taldearentzat eta hori gitxi balitz biztu egiten ditu San Mamesko harmailak.