txapeldunen Ligea aitatzeko ikararik dagoanentz itaundu eutsan kazetari batek Ernesto Valverderi aurreko astean, Elx-en aurka jokatu aurretik. Orduan, taldea bosgarren egoan sailkapenean -orain be bosgarren dago- eta aukera bikaina eukan lehenengo lau postuetan sartzeko. Zuhurtziaz erantzun eban entrenatzaileak. Vicente Calderonen Athleticek erakutsi eban itxura negargarria ikusita ez dot uste inor Txapeldunen Ligea edo antzekorik aitatzen ausartuko danik, tarte luze baten ez behintzat. Denporaldiko lehen azterketa gogorrean, Athleticek zero bat atara dau. Orokorrean, astegoiena ez da oparoa izan Bilboko klubarentzat. Gizonezkoen mailako lehen bost taldeek -Athleticek, Bilbao Athleticek, Baskoniak eta gazte mailako talde biek- galdu egin dabe.

Atletico de Madriden zelaian galtzea gidoiaren barruan egon daiteke. Simeonerena modako taldea da eta hamabi jardunalditan hiru puntu baino ez dauz galdu. Esku hutsik itzultzeak baino min handiagoa eragin dau Athleticek emondako irudiak. Pentsa lei partidua hasi aurretik Valverderen gizonek galdutzat joten ebela norgehiagokea. Lehenengo ordu erdian eutsi egin eutsen aurkariari. Eutsi. Horixe besterik ez. David Villaren golaren ostean, barriz, ontzia hondoratzen hasi zan. Bigarren zati osoa geratzen zan aurretik eta zilegi zan Athleticek erreakzioa itxarotea. Ez dot esaten 2-0 galtzen joanda partiduari bueltea emotea itxaroten genduanik baina gitxienez adoretsu jokatzea bai. Itxaropena be kendu egin euskuen zurigorriek. Gauerdirarte jokatzen jarraituta be Valverderen gizonak ez ziran gauza izango Courtoisen esku narruak lohituteko.

Arima bako taldea izan zan Athletic Vicente Calderonen. Harrotasunik bakoa. Valverderen gizonak kikildu egin ziran hasita dagoan aurkariaren aurrean. Bizkaiko talde askori gauza bera jazoten jake Lezaman jokatzen dabenean Athleticeko alebin, infantil edo kadete mailako taldeen aurka. Zelaira urten aurretik galdutzat joten dabe partidua eta zuri-gorrien nagusitasunari aurre egin ezinik ibiliten dira. Gauza logikoa da. Ez da hain logikoa, ostera, Athleticeko jokalariek, lehen mailako talde profesional bateko jokalariek, holako itxurea emotea Atletico de Madriden aurka. Ernesto Valverderen taldeak etxetik kanpo holan jokatzen jarraitzen badau, laster telebistak ez dau Athleticen partidua aukeratuko irekian emoteko, audientziak behera egingo dau-eta.

Liga txapelketako hamahirugarren jardunaldia jokatuko dau Athleticek datorren zapatuan Joaquin Caparrosen Levanteren aurka. Lehiaketearen herena joan da eta sailkapeneko bosgarren postuan egon arren, taldearen sendotasunaren eta nortasun faltaren ganeko zalantzak desagertzen joan beharrean, areagotuz doaz. Ez dakit lehenbailehen ahaztu behar dan Atletico de Madriden aurkako esperpentoa ala zehatz aztertu behar dan, gertatutakoa barriz ez errepikatzeko. Hiru puntu galdu eta jokalari bi lesionatzeaz ganera, Vicente Calderoneko partiduak min handia egin deutso taldearen sinesgarritasunari.

Entzunda daukat Madriletik lasai paseoan ibilteko aukerarik onena Atletico de Madridek bere estadioan jokatzen dauenean dala, bertan batzen dira-eta Espainiako uriburuko makarra gehienak. Aingerutxo honeek, gustura egoten dira Vicente Calderoneko harmailetan. Edozer esan eta oihukatu leikie, klubeko arduradunen eta segurtasun indarren bedeinkazinoagaz. Arbitroak be, antza, ez dau ezer entzuten. Telebistaz be nabarmen entzuten dira irainak baina inork ez dau ezer egiten edo ez dau ezer entzun gura. Epaileek, antza, ez dabe Vicente Calderoneko partidurik ikusten. Aitor Zabaleta hil eben eta hondino be iraindu egiten dabe. Eta inork ez dau ezer egiten.

Ez dot amaitu gura Unai Albizua zoriondu barik. Domekako partiduko gauza on bakarra Laudioko gaztearen debuta izan da. Profesional bikaina. Geure estilokoa. Zorte on Unai!