Balio handiko garaipena eskuratu eban Athleticek Getaferen zelaian. Ernesto Valverdek partidu osteko prentsaurrekoan aitortu eban lez, asko sufriduta lortu zituan hiru puntuak talde zuri-gorriak. Athleticeko entrenatzaileak ondo baino hobeto daki taldeak ez ebala joko ona erakutsi Alfonso Perez coliseumean jokatutako partiduan. Zuri-gorriek arazo itzelak euki ebezan erasoko jokoa antolatzeko eta lan asko egin ostean berreskuratutako baloiak barriro galtzen ebezan hiru lau pase kateatu ezinda.
Kontuak kontu, Getafek eta Athleticek jokatutako partidua ez zan bape ona izan. Hori bai, hiru puntuak Bilborantz etorri ziran. Garrantzitsua da irabazten jakitea joko distiratsua egin ez arren. Urrezko hiru puntu horreei esker, zuri-gorriek sailkapeneko goialdean jarraitzen dabe. Hori gitxi balitz, apurtu egin dabe Getaferen zelaian eukien bolada txarra. Ganera, Gorka Iraizozek penalti bat geratu eban aspaldiko partez. Santiago Bernabeun, Cornella-El Prat eta Granadan oso itxura makala eta biguna emon ostean, Athletic sendo bat ikusi genduan Getaferen zelaian. Bigarren zatian etxeko taldeak ez eban aukera garbirik izan Herrerinen atea zulatzeko. Erasora begira, barriz, ezinean ibili ziran Valverderen gizonak. Halanda guzti be, eraginkortasun itzela erakutsi eben, aukera bakarra izan eta berori gauzatu egin ebelako. Zelan diran gauzak: estrategiako jokaldietan egiten dabe min gehien Pedro Leonek eta enparauek eta horrelako jokaldi baten etorri zan Athleticen gola.
Liga txapelketako lehen laurena jokatuta, Ernesto Valverdek zuzentzen dauen taldearen zenbakiak bikainak dira. Bosgarren dago sailkapenean hemeretzi puntu eskuratuta. Alde horretatik ezin da gehiago eskatu. Taldearen jokoa aztertzen hasi ezkero, ostera, garbi dago zuri-gorriek lanean jarraitu behar dabela, etxetik kanpoko partiduetan batez be. Getaferen aurka erasoko jokoa sortzeko erakutsitako ezinak garbi erakusten dau Valverderen taldeak badaukala zer hobetu. Alfonso Perez estadioan garaipena lortu zan baina hiru puntuak eskuratzeko bidea beste bat izan behar da. Edozelan be, barriro azpimarratzen dot ze garrantzitsua dan ondo jokatu bako partiduak irabazten jakitea. Alde positiboak nabarmentzen jarraituta, jokalari batzuren errendimenduak nabarmen egin dau hobera azken partiduetan. Ander Iturraspe ederto ibili zan Vila-realen aurka eta taldeko jokalari onena izan zan Getafen. Horregaz batera, aspaldiko Ander Herrera onena ikusi genduan azken partiduan.
Aurrera begiratuta, zuri-gorriek aukera bikaina daukie beste hiru puntu eskuratzeko bihar gauean Elx-en aurka San Mamesen. Ikusteko dago zelan errekuperaten diran jokalariak biharko partidurako eta datorren domekan Vicente Calderonen jokatuko daben lehiarako. Hiru partidu dira sei egunen buruan eta entrenatzaileak asmatu egin beharko dau plantilea kudeatzeko orduan. Alde horretatik, ikusi egin beharko da Valverdek aldaketarik sartzen dauen biharko partiduko hamaikakoan, titular batzuk atsedena hartzeko aukerea euki daien. Biharko eta domekako partiduak planteatzeko moduak erabat ezbardinak dira baina bietan jokoan egongo diran hiru puntuek balio berbera daukie.
Ezin amaitu Iñigo Ruiz de Galarretari besarkada handi bat bialdu barik. Bide gogorra dauka aurretik belauna osatu arte baina jokalari gaztea da eta etorkizun oparoa dauka aurretik. Carlos Gurpegik be belaun bietako lotailuak apurtu zituan eta hortxe jarraitzen dau taldearen lemea eroaten.