HORIXE entzuten zen batez ere. Bilboko Alondegian sartu eta atoan, hamar milioi inurri korrikan baleude legez entzuten zen zarata, murmurioa, zurrumurrua. Airean zegoen soinuak dena bete-tzen zuen. Baina ez inurririk, ez eta bestelako intsekturik, baizik eta euskararen pakidermoak; horiexek ziren toki horretako zabalgunean gure hizkuntzaren, euskararen pisu guztia mantentzen eta eusten zutenak oso elementu sinplea batekin: hitza, euskarazko hitza.

Aste honetan burutu da Ulibarri eta AEK euskaltegiek koordinatu duten Bilboko II. Berbagunea izeneko ekimena, non euskaldun-aspaldiko, euskaldun-berri eta batez ere euskaltzale asko bildu diren elkarrekin berbetan. Erronka erraza bezain interesantea zen, euskaraz mintzatzea hainbat gairi buruz hainbat orduz, inolako lotsarik gabe, euskara bizirik eta eremu guztietarako hizkuntza erabilgarria dela aho batez aldarrikatzeko, izan ere, guztion ardura eta kezka da hizkuntza zaharra bizirik mantentzea eta jagotea.

Jende talde potoloak astindu zuen mingaina goizeko saioetan zein arratsaldekoetan, batzuetan trikitixaren laguntzaz, eta bestetzuetan Urko Aresti edota Xabier Euzkitzeren hauspoarekin eta graziekin. Ekimen honi babesa emateko asmoz, idazleak, bertsolariak, antzerkilariak, Athletic-eko jokalariak, txirrindulariak, arraunlariak, mendizaleak, politikariak, abokatuak, sukaldariak eta abar bildu ziren asteazkenean; mota guztietako euskaldunek parte hartu nahi zuten euskararen aldeko berbaldi jende-tsu honetan. Amamaren bat ere handik agertu zen gazteagoekin berba egiteko gogoz.

Neu beste asko bezala, arratsean gerturatu nintzen, beste berba-lapiko andanarekin mahai eta gaia partekatzera. Handik zebiltzan Iribar, Miren Agur Meabe, Gontzal Mendibil eta abar. Fredi Paiak girotu zuen girotu beharrekoa trikitixa eta panderoarekin, eta geroxeago kantuka. Bertso politak kantatu genituen aho batez Alondegiko gunean bildu ginenok: "Euskaldunok daukagu/eran-tzukizuna/bizirik mantentzeko/ gure ondasuna/konstanteak bagara/helduko da eguna/ ikusiko duguna/Bilbo euskalduna".