GERO eta argiago daukat umorea eta jakituria eskutik helduta doazela. Ez dut esan nahi pertsona jakintsu guztiak umoretsuak izan behar dutenik, baina umorea bada jakituria erakusteko modu bat. Azken finean, askotan aurpegi latzena erakusten digun bizitza honen aurrean babes moduko bat ere bada. Idazle askoren lanetan, adibidez, ikusten da gaztetan ida-tzitako obrak kutsu traszendentalagoa izaten duela, sakonera heldu nahian pisuzko hitzak aukeratu nahiko balitu bezala. Eta heldutasunean, euren obran gero eta ironia gehiago agertzen da, itxuraz gero eta distantzia gehiago gaiak jorratzean, baina abiada hartzeko distantzia bat da, era horretara modu eraginkorrago batean heltzen baitzaizkigu haien testuak sakonera.

Denborak aurrera egin ahala, testuei pisua kentzeko joera dutela ematen du, eta hala da, baina honekin testuek benetako pisua hartzen dute, gure ariman iltzatuta geratzeko gaitasuna lortu arte. Distantzia hori, ironiak eta umoreak ematen duena, bada zubi bat beste modu batera kutsu tragikoegia hartzen duten gaiak jorratzeko. Dena serioegi eta organo baten musikarekin lagunduta bezala esan nahiak askotan mugatu egiten gaitu, bilurrak ipintzen dizkigu eskumuturretan. Umoreak ate bat irekitzen digu edozein gairi buruz, serioenari buruz ere, hitz egiteko. Baimena ematen digu, lizentzia.

Eta gero eta jakintsuago, umore gehiago formula horrek, balio du baita ere zalantzari buruz ari garenean. Gero eta jakintsuago zalan-tza gehiago, eta erantzun kategoriko gutxiago. Beti eman didate beldur pixka bat dena oso argi daukaten pertsonek, egoera bakoitzarentzako juzku kategorikoa dutenek. Batzuentzat, hauek dira jakintsuak, gai bati buruz iritzi sendo bat dutenek. Niretzat, dena hain garbi ikustea, askotan, ezjakintasunaren sintoma iruditzen zait, arazoa alde bakar batetik begiratzea, bere konplexutasun guztia kontutan hartu gabe.