BEDERATZI jardunaldi behar izan ditu Athleticek denporaldiko lehen partidu biribila egiteko. Lehiaketaren etenaldiaren aurretik Ernesto Valverderen taldearen errendimenduak gora behera gehiegi izan zituan eta entrenatzaileak orekea aurkitu ezinik jarraitzen eban. Vila-realen aurkako norgehiagoka azterketa gatza zan zuri-gorrientzat, Marcelinoren taldeak liga hasieran erakutsitako maila bikaina zan-eta. Hori gitxi balitz, hego edo zoro-haize indartsuak are gatzagoa egiten eban azterketea. Athleticeko entrenatzaileak aldaketak egin zituan hamaikakoan, taldeari aurreko jardunaldietan erakutsi ez eban sendotasuna emoteko asmoagaz. Herrera eta Beñat, denporaldi hasieran titular ziran jokalariak, ordezkoen aulkitik ikusi eben norgehiagokea.
Valverdek asmau egin eban Iturraspe-Rico-De Marcos hirukotea zelairatuta. Sendotasuna eta orekea emon eutsan taldeari. Laportek eta Gurpegik inork baino gehiago eskertu eben taldekideen lana erdialdean. Aurreko jardunaldietan makal ibili ziran gizon berak jokatu eben atzealdean baina Vila-realek ez eban ia aukerarik izan Iraizozen ate aurrean. Barriro be garbi geratu da talde baten defenditzeko egiturea ez dabela atzeko gizonek bakarrik oso-tzen. Erdilarien zein aurrelarien lana oso garrantzitsua da atea babesteko orduan.
Vila-realen aurka irabazitako hiru puntuek balio erantsia daukie. Sailkapeneko goialdean egon arren, Athleticek zalantza ugari sortu zituen Ligako lehen zortzi partiduetan. Marcelinoren taldearen aurka, ostera, zuri-gorriek partidu biribila egin dabe eta hiru puntuak eskuratzeaz ganera, konfiantza itzela hartu dabe etorkizunari begira. Horrelako partidu bat behar eban taldeak mamuak uxatzeko. Atzetik hasita, Iraizozek ez eban lan askorik izan baina euki eban apurrari ederto erantzun eutsan. Zorionez, ateko eztabaidea desagertu egin da. Atzealdeko gizonak sendo agertu ziran, erdialdeko biak batez be. Iraola bikain ibili zan erasoteko orduan eta Balenziagak normaltasuna ekarri deutso ezker hegalari. Garaipenaren giltza, baina, zelai erdian egon zan. Iturraspe, Rico eta De Marcosek ez eutsen arnasa hartzeko aukerarik be emon Cani, Bruno eta enparauei. Hori gitxi balitz, zorrotz eta eraginkor agertu ziran erasoko jokoa antolatzeko orduan. Oreka perfektua. Aurkariaren jokoa ito eta baloia errez eta azkar mobidu. Herrerak eta Beñatek izerdi asko bota beharko dabe titulartasuna berreskuratzeko.
Vila-realen aurkako garaipenaren balio erantsiagaz jarraituta, zorionez, amaitu da Aritz Adurizen guru-tze-bidea. Donostiarrak gauza asko entzun behar izan ditu golik sartu barik egoalako eta San Mamesen sartutako golak zama itzela kendu deutso lepo ganetik. Partiduaren aurreko egunetan irakurri eta en-tzundakoaren arabera, emoten eban Athleticek golak sartzeko eukan itxaropen bakarra hogei urteko mutiko bat zala. Antza, Adurizen kreditua agortuta egoan eta Lezamara begiratu behar zan izar barri baten bila. Guillermo Fernandez denporaldi hasiera bikaina egiten dabil Bilbao Athleticegaz baina ez gara zoratu behar. Arrigorriagako gazteak denporaldi erabagigarria dauka aurrean. Eztanda egin behar dau eta bide onetik doa Cuco Zigandaren eskutik. Guillermok berak erakutsiko dau non jokatu behar dauen eta prestauta dagoan lehen mailan lehiatzeko. Urrats garrantzitsua emon behar dau eta zuhur-tziaz jokatu behar da. Itxi daiguzan Lezamako gazteak baketan euren bide naturala egin dagian. Uztea sasoian batu behar da, ez norberak gura dauenean. Bost kiloko atun biribila polita izan arren, ederragoa da hamabi kilora heltzen danean.