Jendeaz ondo hitz egiten duen jendea gustatzen zait. Gure harremanei erremina kentzeko ukenduaren fun-tzioa betetzen dute eta pertsonak etengabe epaitzen egon behar izatetik libratzen gaituzte. Normalean, ez dugu gure izena aitatua izaterik nahi gu ez gauden elkarrizketetan, gutaz bereak eta bi esaten ibili daitezkeela pentsatzeak beldurtu egiten gaitu eta. Badakigu zer gertatzen den izen bat jipoitzen ibiltzen direnean gimnasioko punching ball baten antzera. Baina batzuetan gertatzen da taldean norbaitek persona bati buruz ondo hitz egiten duela eta, halakoetan, bat batean ozpina ezti bihurtzen da eta taldean egon zitezkeen kritikatzeko gogoak lasaitu egiten dira. Giroa guztiz aldatzen da eta gaizki hitzegiteko aldez aurretiko jarrera desaktibatuta geratzen da neurri handi batean.

Jendeaz ondo hitz egiten duen jendea gustatzen zait, euren buruez ondo hitz egiten ari direlako aldi berean. Askotan norbaiti buruzko iritzi ona edo oso ona izan arren ez dugu besteen aurrean adierazten, baina norbaitek ondo hitz egiten duenean beste batetaz fidatzeko persona dela iruditzen zaigu. Eta kontrako kasua denean, beti besteez gaizki esaka dabilenek nekez irabaziko dute gure konfidantza.

Jendeaz ondo hitz egiten duen jendea gustatzen zait. Bereziki badakitenean beraien iritzia agian ez dela aho batez onartua izango taldean, edo inozotzat joko dituztela beti dabiltzalako pertsonen errugabetasun-presuntzioaren bila, edo kritikatua den jarrera justifikatu dezakeen arrazoi baten bila. Gustatzen zaizkit, bai, jendeaz ondo hitz egiteko duten jarrerak gugan ezarrita dagoen ezkortasun antropologikotik une batez aldentzeko aukera ematen digutelako.

Jendeaz ondo hitz egiten duen jendea gustatzen zait, badakidalako norbaiti buruz gaizki hitz egiten duten egunean benetako arrazoi batengatik egingo dutela, beraien hitz eta kritikak ez direlako funsgabeak edo inbidia edo konplexuren batek eragindakoak izango.

Egizu froga. Saiatu zaitez jendeaz ondo hitz egiten. Agian bihar ondo hitz egingo dute zutaz ere.