KRISTORENAK eta bi esan edo idazten dira edozein gobernutan kolore aldaketa dagoenean, agintari berriak bere esku dituzten hedabideetan eragiten duten aldaketaz. Azken urte askotan, telebista da eragin horien ondorioak nabarien bizitzen dituena, bera delako itxuraz jendartean sakonen eta zabalen sartzen dena. Sortu zenetik harrezkero, hedabide honen gainean kontrol zehatza izatea, gobernu berriek horien intereserako lehengaia ematen du edota hortaz salatzen dituzte behintzat. Hori horrela baldin bada, ez zaio erraza egingo uneko euskal Gobernuari, asteleheneko entzule gehieneko une batean, Jose Amedo polizia ohiaren ager-tzea pantailan. Aniztasuna izango litzake aitzakia, nonahi darabilgun berba delako, baina ziur samar nago, anitza izateko, bi aldeetako traidore horren aurretik ba dagoela nori hitza eman.

Zerikusi atseginik ez eta zapping egiten nenbilela jo nuen aurkezpenarekin. Nire buru osasunari horrenbeste zor diot eta segundo bakar bat gehiago ikusi gabe alde egin nuen handik ez dakit nora. Zutabe hau idazterakoan daturen bat izateko, akaso, jarraitu behar nuen bertan baina, osasun psikikoa eta aldarte alaia zaintzeari eman nien lehentasuna. Ez nion hankarik ez bururik ikusten faxista traidore horrek euskaldunen artean mantentzen dugun telebistan protagonista bezala ikusteari. Esan ditudan denetatik haratago, hiltzailea ere ba delako, GALekoiei eman zien babes eta laguntza zuzenarengatik.

Konparazioak beti omen dira iraingarriak, ez ordea eginezinak eta, horren arabera, imajinatu nahi dut ETAko ekintzaile/hiltzaile la-tzenetariko bat "TVE La 1" katean datorren asteleheneko prime timean Espainia guztirako bere liburu edo beste edozer gauzaren publizitatea egiten. Eta imajina-tzen jarraituz, Espainiako beste hedabide guztiak eta jende ororen erantzuna zein izango zen kasu horretan. Gu, ordea, lasai. Ez dut inor atzeman harakiria egin behar duenik esaten ere. Areago, hurrengo eguneko prentsan aipamen murritz batzuk, besterik ez.