Síguenos en redes sociales:

Trebiñu

BETI harritu egin nau Partido Popularrek Arabarekiko izan duen utzikeriak, Araban duenean, hain zuzen ere, Euskal Herri osoko bozka meategi handiena. Alfonso Alonso Gasteziko alkate izatera iritsi zenean pentsatu nuen Aznarren gobernuak dirutza bideratuko zuela hirira, inbertsio ugarien bidez gasteiztarron leialtasuna erosi eta popularren nagusitasuna mantentzeko hirian, baina ez zen horrela gertatu eta Gasteizek zituen proiektuak ez ziren aurrera joan. Badirudi Alfonso Alonso bera izan dela garai haietatik irabazle atera den bakarra, orain bere mediokritatea Espainiako parlamentuan ikus baitezakegu guztiok, ez bakarrik gasteiztarrok. Gasteizko alkatea eta Arabako diputatu nagusia Partido Popularrekoak izatea sinbolo ikaragarri garrantzitsua izan beharko litzateke, zaindu beharrekoa, baina kontrakoa gertatu da. Badirudi ez zaiela gehiegi axola eta Arabako popularrak Espainiako "modernotxoenak" izatearekin konformatu dira, Gasteizko eta Arabako interesei muzin eginez, ez bada Arabako mamua plazara ateratzeko noizbehinka (Arabako mamua, badakizue, Eusko Jaurlaritzak ahantzirik duen lurraldea eta kontu horiek guztiak).

Trebiñuko afera dela-eta ikusi berri dugu noraino dauden kezkatuta popularrak. Trebiñukoa ez da hedabideetan gehiegi agertzen (biztanle gutxi, lurralde ez oso aberatsa) baina askoz gehiago arduratu beharko ginateke hor ikusten baita argi eta garbi zertan datzan Espainiako demokrazia: kontsultak egin dira, legeek ezarritako bideak erabili dira, urteak pasa dira eta denak berdin segitzen du. Orain hartu berri den azken ekimenaren aurrean Arabaz hainbeste ardura-tzen diren popularrek beste aldera begiratu dute betiko moduan (Madrilek agintzen du, jakina). Balizko hauteskunde arrakasta baino garrantzitsuagoa da Trebiñun ezer ez aldatzea. Beldur atabikoa diote Trebiñuri: droga gogorretara eraman ahal gaituen droga biguna da Trebiñu popularren ustez.

UPyDkoa ere beste aldera begira jarri da baina esperatzekoa zen, Gorka Maneiro donostiarrari ez zaio iruditzen Trebiñu Araba denik, berari gustatuko litzaioke Araba osoa Burgos izatea.