EZ da erreza azaltzea zer jazo jakon Athletici Los Carmenes futbol zelaian Granadaren aurkako partiduan. Ernesto Valverde entrenatzailea bera be, berba barik geratu zan partidu osteko prentsaurrekoan. Inork ez eban itxaroten zuri-gorriek hain txarto jokatuko ebenik, are gitxiago lau egun lehenago San Mamesen partidu ikusgarria eskaini eta gero. Aitortu beharra dago, ostera, Granadan gertatutakoa, ez dala kontu barria, Bartzelonan be antzeko zeozer gertatu zan-eta. Kontua da, Espanyolen aurkako partiduan gertatutakotik ikasi eta akatsak zuzendu beharrean, hutsegiteak sakondu egin dirala.

Ernesto Valverdek errepikatu egin eban Betisen aurka zelairatu eban hamaikakoa. Erabagi logikoa eta beharrezkoa, taldeari konfiantzea eta sendotasuna emoteko ahaleginean. Zuri-gorriek aukera ona eukien garaipena eskuratzeko, Los Carmenesen jokatutako hiru partiduetan golik sartu barik eta punturik eskuratu barik egoan Granadaren aurka. Lehenengo zatia ez zan bape bape ona izan. Athletic iparra galduta ebilen, jokoa josi ezinik. Baloia ikutu eta laztandu beharrean jo egiten eben. Erdialdea soberan egoan. Zelaia txarto egoan, bai, baina ezin da atxaki lez erabili. Hala eta guztiz be, partidua irabazteko itxaropenak bizirik egozan aurkariaren maila makala ikusita. Lehen zatian hain txarto jokatu eta bapezna amaituta, Athleticek aurrerapausua emotea itxaroten genduan guztiok partiduaren bila joateko. Horixe bera agindu eutsen jokalariei Ernesto Valverdek. Errealidadea bestelakoa izan zan. Aurrerapausua barik, atzerapausu nabarmena emon eben zuri-gorriek eta partidua irabazteko aukera bikaina eskaini eutsen Granadari. Ezer gitxi eginda, Lucas Alcarezen taldeak lehen garaipena eskuratu eban Los Carmenesen. Donostiako zinemaldiko alfonbra gorriak baino distira gehiago dauka zuri-gorriek aurkariei ipinten deutsenak. Hamabi gol jaso ditu Athleticek liga txapelketako lehenengo zazpi jardunaldietan eta horreetariko asko, gehienak, Valverderen taldeak oparitutakoak dira.

Hasieran esandakoari oratuta, ez da erreza ulertzea, azaltzea, argitzea, Athleticeko jokalarien itxuraldaketea. Jarrera kontua da? Kontzentrazino faltea da? Granadaren aurka jasotako gol biak oso esanguratsuak dira barriro be. Ander Herrerak egindako penaltia haur mailako jokalari batek egin leike. Lehen mailako profesional batek, ez. Bigarren golaren jokaldian, jakin gurako neuke nora edo nori begira egozan Aduriz, San Jose, De Marcos eta enparauak El Arabi bakarrik ixteko. Bielsagaz arazoa markatzeko moduan egoan, antza. Zein da arazoa orain? Athletici falta jakona ez dot uste entrenamentuan lantzeko modurik dagoanik. Kalidadea badago, bai, baina hori ez da nahikoa aurkariak mendean hartu eta partiduak irabazteko.

Autokritika sakona egiteko ordua da. Zazpi jardunaldi igarota, taldearen egitura defentsiboa ez da sendoa. Laporte ez da konponbidea ezker hegalerako, are gitxiago Ibai Gomezen laguntzarik ez badauka. Atzealdeko lerroaren zeregin nagusiena atea defenditzea da, jokoa sortzen hastearen ganetik. Ikusitakoa ikusita, San Jose-Gurpegi bikoteak ez deutso sendotasunik emoten taldeari eta beste aukera batzuk aztertu behar dira. Zelai erdian, deigarria izan da Valverdek Iturraspe Bilbon itxi izana. Los Carmenesen jokatu eban hirukotearen errendimendua oso makala izan zan. Jakina, ontziaren motorea geldiro badabil berandu helduko gara arrain lekuetara.

Granadan jasotako musturretakoa mingarria izan arren, ez doguz gauzak bere onetik atara behar. Talde honek erakutsi dau zer egiteko gauza dan, onerako zein txarrerako. Nortasun bikoitza erakutsi dabe Valverderen gizonek baina itxaron daigun akatsak konpontzen joatea eta arpegirik ederrena erakustea hurrengo partiduetan.