ZALANTZAZ beterik baina egin beharra genuen: urteko batzar nagusia euskaraz eta gaztelaniaz. Orain arte, "Arratsalde on Jaun Andreok" eta gainontzeko guztia gaztelaniaz egin ohi genuen, batzarrera joaten ginen langile kopuruaren % 65 elebiduna izanik.
Baina ez zen kopuru kontua bakarrik. Edo elebakarrek zer esango zuten. Baizik eta EAEtik kanpoko langileak ere baditugula erakundean eta, horiek, ez daukatela zertan euskara jakin beharrik.
Beti estakuru bera mahaigaineratuz, beraz, gaztelania hutsez egin izan ohi ditugu bilerak.
Baina noizbait galdetu al izan diegu elebidunak diren % 65 horiei zer iruditzen zitzaien bilera? Gertukoa egiten zitzaien? Entzundakoa beraiei zuzenduta zegoela uste zutenentz? Sinisgarria egiten ote zitzaien? Esandakoa barneratzen ote zuten?
Bada, azterketa txiki bat egin ondoren, gaztelaniaz entzundako hitzaldiak (beti hala izanda ere), "enpresaren kontuak" direla esan ziguten. Hau da, langile elebidunen integrazio edo ardura maila, esaten zenarekiko, oro har, gainontzekoengan baino ahulagoa zen. Ez zuten "beraiena" bezala sentitzen. Hori horrela, eta egoera ere bestelakoa delako (orain, jadanik, enpresaren baitan euskara planarekin bospasei urte egin ondoren eta langileek euskararen garrantziaz jabetu direnean), urteko batzar nagusia euskaraz eta gaztelaniaz egitea erabaki dugu. Lehenbiziko esperientzia izan da. Dena ez da ondo atera. Euskara eta gaztelania tartekatzeak elebakarrentzako lan handia suposatu duela esan digute (euskaraz hitz egiten zen, pantaila erraldoian gaztelaniaz irakur ahal baitzezaketen).
Baina elebidunak kontentu atera ziren bileratik. Lorpena (bere horretan txikia izanda ere) urrats handia izan delako. Enpresa gertukoagoa egin zaielako. Enpresari aurrera egiteko gogoa eta kemena somatu dielako. Eta batek zioen bezala, "honekin ere aurrera goaz, eta asko da".