Arrantzale zaharrek esaten dabe goizeko hamarretan ontzi barruan dagoan atuna gaueko hamarretan be barruan dagoala. Athleticek irabazi egin dauz Liga txapelketako lehen partidu biak. Sei puntu egon dira jokoan eta seiak eskuratu dauz Ernesto Valverderen taldeak, aspaldian zuri-gorriek egin daben hasiera onenean. Zale guztiak pozik edukitea, ostera, ez da erraza -ezinezkoa esango neuke- eta eritxi batzuk entzunda eta irakurrita pentsa leiteke Valladolideri eta Osasunari irabazteak ez daukala meritorik, antza, mailari eusteko borrokan ibiliko diran aurkari bi diralako. Garaipen bi lortuta, badira botilea erdi hutsik ikusten dabenak.
Esan beharrik ez dago Athleticek hobetu egin behar dauela bere jokoa. Harrigarria izango litzateke Ligako bigarren jardunaldirako gauza guztiak perfekto egitea. Valverdek inork baino hobeto daki taldeak hutsuneak erakutsi dituela Ligako lehen partidu bietan eta hobetu egin behar dituela. Anoetan partidu osteko prentsaurrekoa hasi eta bere lehenengo ausnarketea bide horretatik joan zan. Barriro dinot, Athleticek urte bi emon dituela defenditzeko sistema berezi bategaz eta ez dala erreza entrenatzaile barriaren aginduetara ohitzea. Edozelan be, eta Valladolideri irabazi ostean esan neban lez, hobeto da hobetze prozesuari sei puntugaz ekitea, hutsean eta urduritzen hasita baino.
Enric Saboritek eta Iago Herrerinek ez dabe inoiz ahaztuko Osasunaren aurkako partidua. Ernesto Valverdek hasierako hamaikakoan ipini zituan biak eta Athleticekin estraineko partidua jokatzeko aukerea emon eutsen, bere lehenengo etapan Andoni Iraola, Jonan Garcia, Endika Bordas edo Aritz Solabarrietagaz egin eban moduan. Aurtenetxe eta Balenziaga plantilan eduki arren, Saborit gaztearen aldeko apostua egin dau. Ausarta benetan. Lehen mailan ibilbide arrakastsua egiteko dohai guztiak ditu ezker hegaleko jokalari gazteak. Entrenatzaileak mezu garbia bota eban gazteen estraineko partiduaren ostean: kontua ez da partidu bat jokatzea Athleticen, ehun jokatzea baino. Herrerinek, Saboritek edota Erik Moranek aukera bikaina daukie aurrean. Aprobetxatzen jakin behar dabe. Valverdek bide bazterrera hurreratu ditu. Gurutzatu, baina, eurek bakarrik gurutzatu behar dabe.
Ernesto Valverderen Athleticek orain arteko azterketarik gatxenari ekingo deutso datorren domeka eguerdian Ancelottiren Real Madrilen aurka. Gatxa da beti Santiago Bernabeun jokatzea, bertan gauza asko, gehiegi, gertatzen diralako. Edozelan be, Athleticentzat une egokia da Ronaldo eta enparauen aurka jokatzeko. Taldea moralez ganezka dago eta sei puntu ditu zorroan. Ikusteko dago zelan erantzuten daben Valverderen mutilek erasora jokatu dauen taldearen aurka. Esan beharrik ez dago domekako partiduak ez dauela zerikusirik izango orain arte jokatutako biekaz. Athleticen egitura defentsiboak aurreko partidu bietan baino hobeto funtzionatu beharko dau, Isco, Ronaldo, Benzema eta enparauen aurrean. Edozelan be, Valverdek badaki zer dan Bernabeun irabaztea Athleticegaz. 2004-2005 denporaldian lortu eban Iraola eta Del Hornoren golei esker, Beckham eta Figoren aurka.
Baleiteke Mikel Rico Real Madrilen aurkako partidurako deialdian egotea. Talde jokalari sendoa da, serioa eta profesionala. Fitxaketa ona. Esperientzia handia hartu dau hamazortzi urte zituala Euskal Herria itxi eta Espainiarantz abiatu zanetik. Edozein kasutan, borrokatu egin beharko dau lekutxo bat lor-tzeko hasierako hamaikakoan.
Amaitu baino lehen, zorionik beroenak Athleticeko emakumezkoen taldeari Euskal Herriko kopea irabazi dabelako, eta Iturregi barik ganera. Jakina, beste zeregin batzutan ibili da. Zorionak baita Bilbao Athleticeri. Iazko jokalari garrantzitsuenak galdu arren, ederto hasi da aurten be Kukoren taldea. Azkenik, aitamen berezia merezi dau Asier Villalibre gazteak. Hamabost urteko aurrelari gernikarrak Baskoniagaz jokatu dau hirugarren mailan eta gola sartu dau ganera.