Etapa barri bati ekin deutso Athleticek Ernesto Valverderen eskutik. Jokalari garrantzitsuak joan dira taldetik, beste batzuk etorri dira eta entrenatzaile "barria" dago aulkian. Horrelako egoeretan zalantzak egoten dira. Denporaldi aurrea hasi zanetik hainbat zalek agertu deuste euren kezkea Valverderen Athleticen ganean. Normala da. Zalantza horreek uxatu eta konfiantzea indartzeko modurik onena emaitza positiboak lortzea da. Horixe esan eban Pep Guardiolak, Bayern Municheko entrena-tzaileak, bere taldeak Bundesligako lehen partidua irabazi eta kritikak jaso ebazanean jokoa ez zalako ikusgarria izan.

Athleticek ez eban partidu bikaina jokatu Jose Zorrillan, ez. Normala be bada, taldean aldaketa asko egon diralako eta ligako lehen partidua zalako, bero itogarriarekin jokatuta ganera. Edozelan be, Pucelan ikusi genduzan gauza onak gauza txarrak baino askoz gehiago izan dira. Valverderen taldeak gol egiteko arazo ugari agertu ebazan denporaldi aurreko partiduetan. Valladoliden, ostera, zuri-gorriek ederto asmatu eben aurkariaren ate aurrean. Zorrotz agertu ziran. Ganera, goleatzaileak hegaleko biak izan ziran, bigarren lerroko jokalariak.

Athleticeko jokalariek garbi daukie zelan jokatu gura dauen euren entrenatzaileak. Baloia aurkariak daukanean, Valverderen gizonek presino itogarria egin behar dabe lehenbailehen berreskuratzeko, Jose Zorrillan argi erakutsi eben moduan. Baloia euren oinetan dagoanean, Athleticek aurkariaren atea bilatzera jo-tzen dau Iturraspek, Beñat Etxebarriak eta Ander Herrerak zuzenduta. Kalidade handiko hirukote horrek maila ona emon eban Ligako lehen partiduan eta etorkizunean askoz gehiago emon leikela uste dot. Arratiako erdilariak aberastu egin dau erdialdeko jokoa. Hori gitxi balitz, kornerrak eta falta jaurtiketak askoz arriskutsuagoak dira.Talde erasokorra da Valverderena. Alai jokatzen dauena baina orekea galdu barik.

Valladoliden jokatutako partiduak itxi ebazan alde positiboekaz jarraituz, Iker Munianen errendimenduarena nabarmenduko neuke. Txantreako jokalariak gol bakarra sartu eban aurreko denporaldian Liga txapelketan jokatu ebazan hogeita hamairu partiduetan. Marka hori bardindu dau denporaldi barriko partidu bakarra jokatuta. Jokalari ezberdina da, berezia, zelaian eta zelaitik kanpora. Athleticentzat albiste bikaina litzateke Muniainen bertsiorik onena berreskuratzea. Jose Zorrillan, garaipenaren gola sartzeaz ganera, gogotsu eta langile agertu zan. Ia bide horretatik jarraituten dauen ganorabakokerietan nahastu barik.

Alde negatiboak edo hobetu beharrekoak be egon ziran Valladoliden. Athleticek goitik behera aldatu dau defenditzeko modua. Halan da guztiz be, zuri-gorriek eskuzabal jarraituten dabe eta Valladolidek erraztasun gehiegi euki ebazan ate ingurura hurreratzeko. Iraizozen aurreko lerroko jokalariak ez eben sendotasunik erakutsi bardinketaren golean eta beste jokaldiren baten. Ganera, asko sufridu eben Valladolideko jokalariek jaurtitako baloi luzeetan. Aymeric Laporteren sarrereak indartu egin eban atzealdea. Ander Herrerak be ezin dau hainbeste arriskatu baloia bere areatik hurre dagoanean, ondorioak larriak izan daitekezalako.

Ernesto Valverdek ondo baino hobeto daki taldeak zer egin dauen ondo eta zer txarto ligako lehen partiduan. Badago zer hobetu, bai, baina entrenamenduetan hobeto egiten da lan zorroan hiru puntu izanda, esku hutsik itzulita baino. Aitamen berezia merezi dabe Valladolidera joan ziran Athleticen zaleek. Hurrengo partidua Anoetan jokatuko dau Athleticek eta ea bazkideek orain arte baino gogo gehiago agertzen daben taldeari laguntzen joateko.