Artea kalean
EUSKOTRENEK 13.000 euro eskatu omen ditu bere trenetan grafitigileek egindako marrazkiengatik. Ulertu nahi baita, grafitiak garbitzeko edota egindako kalteengatiko ordain gisa. Kontua, ostera, zaharra da. Grafitia gero eta indar handiagoa har-tzen doan kale artea da. Internetari eta sare sozialei esker, grafitigileek batzeko edota euren lanaren katalogoa egin eta ezagutarazteko aukera dute, besteak beste. Artea da bi zentzutan: irudia eta hitza darabilzkielako mezu jakin bat igortzeko. Komunikatzeko, alegia. Beste kontu bat da, arte-lan hori jabetza pribatu edota publikoan gauzatzen den, eta zergatik eta zertarako egiten den.
Baina ukatu ezin dena da, Eibarko herria eta Eibarko geltokiko trenak ezagunak egiten ari zaizkigula mundu osoan eta Eibarrera gerturatu direla, jada, Euskal Herritik kanpoko hainbatgrafitigile, internet-en jakitera ematen direlako bai hemengo artistek egindako lanen emaitzak, bai eta aipatu trenetara nola heldu ere. Gauez geltokian nola sartu, hesiak nola pasatu, kamerak nola burlatu, eta abar. Beste modu batera esanda, grafitigileek hain maite duten adrenalina igoera zein mailatan esperimentatu daitekeen azaltzen dute.
Eibarko herria ezaguna egiten ari zaigu gai honen inguruan. Erreferentzia gunea. Ona dela? Txarra dela?
Agintariek, egoerari irtenbidea eman nahirik, bi bide hartu dituzte; bata, egileak atxilotzea eta, bestea, grafitigilearen oinarrizko baliabideak eta prozesua bera arautzea. Ez dakidan arren arauen gainetik abiatzetik sortutako adierazpide mota bat prozedura baten barruan txertatzea posible ote den.
Gelditu ezinezkoa dena zera da: alde batetik bestera dabiltzan trenak ezkutatzea eta internet bidez hedatzen ari den publizitatea isilaraztea.
Beharbada, galdu beharko ez genukeen trena zera da: Eibarko herriaren inguruan artearen eta adierazpen askatasunaren inguruko nazioarteko eztabaidaguneak sortzeko aukera.