Gaurko eguna
GAUR bizi izan duzun eguna nolakoa den, horrelakoa da zure bizitza. Gure bizitza gaur egiten duguna da. Batzuetan ez dugu onartu nahi, askotan uste baitugu gaur gertatzen dena bizi nahi dugun bizitzara heldu bitartean egiten duguna dela. Baina egun bakoitza gure bizitzaren laburpen txiki bat da. Bolada hau pasatzen denean, oporrak heltzen direnean, loteria irabazten dudanean, orduan? Horrelako esaldiez betetzen dugu eguna. Gure bizitza bihar gertatuko balitz bezala bizi gara.
Jende askok ez ditu bere seme-alabak ikusten ia, lanean dituen ordutegiengatik, eta egunen batean lanez aldatuko direla pentsatuz kontsolatzen dira, eta orduan bai, eurekin egoteko denbora gehiago izango dutela sinesten dute. Baina agian egun horretan nerabeak izango dira eta jada ez dute gurasoekin egon nahiko. Jende askok seme-alaben bizitzaren zati garrantzitsu bat galtzen du laneko txostenak zuzentzen dituen bitartean.
Jende askok adiskide eta senitartekoentzako maitasun hitzak barruan gordetzen ditu, pentsatuz helduko dela eguna hauek adierazteko, helduko dela une egokia. Baina berandu heltzeko arriskua dute, eta bizitzan ematen ez diren besarkadak ezin dira gero eman.
Inoiz bizitza osasuntsuago bat izango duela amesten du jende askok, egunero kirola egingo duela, gehiago bidaiatuko duela, lagunekin denbora gehiago egoteko aukera izango duela? Denok ditugu asmo onak eta askotan iruzur egiten diogu geure buruari, ametsak etorkizunean bakarrik bete ahal direla pentsatuz. Baina, sinestea kostatzen bazaigu ere, gaur ez duzuna martxan jartzen, ez duzu egingo inoiz, ez da gertatuko inoiz.
Erosoagoa da argi luzeekin ibiltzea, autoan bezala, eta urrunean ikustea bizi nahiko genukeen bizitza hori, inoiz helduko garela sinetsiz, argi motzak jarri eta gure muturren aurrean duguna ikustea baino. Lainoa dagoen egunetan, hobeto ikusten da argi motzekin. Eta bizitza gurmaz betetako bidea da.