AZNARRI telebistan egin zioten elkarrizketaren erdiaren erdia ikusi nuen lagun batekin eta (telebista da azken finean) hitzez baino irudiez hitz genuen batez ere: gorbatez, jantziez, betaurrekoez, orrazkerez eta, ororen gainetik, biboteaz. Marhuendarekin beldurtuta egon ginen, bazirudien edozein momentutan orgasmo bat izango zuela zuzenean; Prego zen bere pregotasun osoaz jantzita; Lomana aurkezlearen hanken jarrera, elkarren ondo-ondoan eta apur bat makurtuta (emakumeek derrigorrez hartu behar omen duten jarrera hori, badakizue), mingarria zitzaidan, eta nik nuen hanketako mina handiagotu egin zitzaidan bat-batean. Eskerrak ibuprofenoak eskura nituela.
Baina, esan bezala, gure arteko gai nagusia bibotea izan zen, edo biboterik eza, hau da, bibotearen presentziaz ala ausentziaz ezatabidatu genuen parametro teologikoen argitan (jainkotasunaren ausen-tziak jainkotasunaren presentzia bermatzen du erlijio askotan). Nire teoria hauxe zen: bibotea urdindu eta moztuta zegoela, eta apenas ikusten bazen ere, bibote bat zegoela hor, sudurraren eta ahoaren artean; nire laguna, aldiz, bibotearen ausentzia erabatekoaren aldekoa zen zalantzarik gabe. Begi aurrean metatuta eramaten ditudan hurbileko eta urruneko dioptriez ez naizenez fidatzen, azkenean amore eman nuen eta lagunaren teoria onartu. Hurrengo egunetan egiaztatu nuen egunkarietan, aste honetan bertan, ni ez naizela bibotearen aldeko teoriaren jarraitzaile bakarra izan, zutabegile asko aritu baitira gaiaz. Horregatik ausar-tzen naiz ni gaurkoan gai korapilatsu honekin.
Agian gaiak inplikazio psikoanalitiko sakonak ditu: esan nahi dut, agian Aznarren bibote beltz hura hain dugu iltzaturik inkonzientean, ezen, orain esistitzen ez bada ere, aluzinazio etengabe baten bidez, beti ikusten dugula, Aznar eta Aznarren bibotea bi errealitate banaezinak izango balira bezala. Gizonezkoen bibotearen balio sinbolikoaz hamaika liburu idatzi dira, bestalde.
Nahasirik nabil, ez dakit oftalmologoarengara jo behar dudan, psikiatrarengana, edo teologian sakondu. Iritziak eskertuko nituzke.