ASTE gorabeheratsua izan da guztiontzat. Batzuen-tzat bestetzuentzat baino gehiago, seguru. Astelehenean, Himalaian izandako istripu larriarekin esnatu nintzen. Manaslu mendian, urte batzuk barru bisitatzekoen artean dudan horretan, elurrolde ikaragarria suertatu zen eta dozena bat alpinista tragatu zuen elur zuriak. Hasierako prentsamendua da ia Manaslun ote zegoen ezagunik. Erantzun arina, ez, aurten ez dit inork komentatu hara joango zenik. Lasaitasuna partziala eta efimeroa da kasu hauetan, ezagunik ez duzun arren, beste alpinista horiek zureak bezalako sentimenduak eta sentsazioak bilatzera joan baitira hara, eta berehalako konplizitatea sortzen da, urrundik sortu ere.

Gero deiak hasten dira eta espero ez zenuenak itotzen zaitu. Bai, Alberto Magliano lagun italiarra Manaslun zegoen; bai, hirugarren kanpamentuan zegoen aklimatazioa burutzen; bai, bere gorpua aurkitu dute elur geruza trinkoaren azpian. Eta hango elurrak duen hoztasun berak izoztu egiten dizu hatsa.Shisha Pangman eta Gasherbrum mendietan elkartu ginen helburu berberarekin: altura infinituetatik, mundua beste begirada batekin ikustea. Zituen ahate gisatuzko latarik onenak zabaldu zituen egun batean Alex, Tamayo eta hiruroi behar bezalako gonbitea egiteko eta bapo ospatzeko zoriontsuak ginela mendien artean. Irribarrea ezpainetatik kentzen ez zitzaion gizona zen, eta hala gogoratuko dut nik, behinik behin, hemen eta edozein menditzar bisitatzen dudan bakoitzean.

Asteazkenean, greba eguna izan zen, kexa eguna, adostasunik eza eguna, eta betiko legez biolentzia eguna. Harriturik ikusi nituen, poliziak Madrilen, jende lasaiaren "segurtasuna" bermatzeko erabili zituen metodo biolentoak, laidogarriak, desatseginak eta neurribakoak (lan hori amaitutakoan etxera joaten dira eta euren seme-alabak besarkatzen dituzte, ezer gertatu izan ez balitz bezala). Armadunei loreak, laudorioak eta lausenguak bota zizkioten gezurraren kolorea abilidade zikinez aldatzen dakiten politikoek, zeinak etxera joaten diren gero, euren seme-alabak ere besarkatzera.