abuztuaren azken astelehena gaurkoa. Eta badatorkigu iraila. Hainbesteko beldurra diogun hilabetea. Lanera eta ikastolara bueltatzea, oporraldia agurtzea eta burua berriro eguneroko arazoetan murgiltzea, beti zaigu gogorra. Baina aurtengoa are gogorragoa izango dela aurreikusten da. Gobernu zentralak azken asteotan hartutako erabakiek, batez ere, irailetik aurrera izango dutelako islada edo eragina. Eta komunikabideak, abuztua osoan zehar saiatu dira, behar diren datu guztiak emanez, beldurra diogun hilabetea ez dadin emozio edo sentsazio hutsa izan baizik eta egitate kontrastatua.

Udaldiko lana duten guztiak, berriro ere, lanik gabe geldituko dira; autonomoen portzentaia handi batek beren komertzioak kili-kolo edo ixten ikusiko ditu BEZaren igoera dela eta; langabezian dauden gazteen hirutik bik atzerrira joateko erabakia hartuko du; urriaren 21eko hauteskundeen emaitzen aurreikuspena ere, dagoeneko, eskura dugu; baita banatuko diren bikoteena ere; edota etxerik gabe geldituko diren pertsonena eta abandonatuak izango diren animaliena. Erreskatearen mamuaz hitz egitera ausartu gabe?

Eta norbaitek gogorarazi du, ondo prestatutako gazteak atzerrira joateko prest baldin badaude (eta joango dira), politikariek ere (erabakiak hartuko dituztenek) hizkuntza bat baino gehiago jakin behar dutela; ez bakarrik aurrean dutenarekin elkarrizketa bat mantendu ahal izateko, baizik eta, aurrean duenak nola pentsa-tzen eta agitzen duen ulertzeko eta, horrekin, ideia berriak geureganatzeko (daukagun ikuspegi "itxia" irekitzeko).

Gurean ere, bada, ideia berdin berdin erreproduzitu daiteke: izango dugun hurrengo lehendakariak, euskaldun guztiok lehen hizkuntzatzat aukeratu dugun horretan hitz egingo ote digun, eta geure indarguneak sustatzeari muzin egin gabe, kanpotik haize freskoa ekartzeko gai izango ote den, batez ere, ekonomia susper-tze aldera.