GeRo eta gehiago gerta-tzen zait: neure burua lekuz kanpo aurkitzea nagoen lekuan. Auzokoen bilera batean, adibidez, beste planeta batekoa naizela senti-tzen dut askotan. Ez dut ulertzen nola bizi ditzaketen batzuek halako pasioz atariaren garbiketarako kontratatutako enpresaren gorabeherak, edo pertsiana baten konponketa. Parkean, umeekin, beste gurasoekin hitz egiten, ba-tzuetan "Ni ez naiz hemengoa!" oihukatzeko gogoa izaten dut: ondo dago umeez hitz egitea, baina ez dut behar euren seme-alaben askaria edo lo orduen horrenbesteko informazio detailaturik. Gustura hitz egingo nuke beraiekin, baina beste edozertaz. Laneko bilera batean, askotan galdetzen diot neure buruari merezi al duen nire bizitzako hainbeste ordu pasatzea nire bizitzaren lehentasunen artean ez dauden gauzetaz hitz egiten. Noizbehinka gauez zerbait hartzera irten, eta ni baino askoz gazteagoek mozkortuta egiten dituzten oihu eta algarek nire lekuan ez nagoela sentiarazten didate.

Antzeko zerbait sentitzen dut Espainiara begiratzen dudanean, gero eta gehiago: beti izan dut argi, baina inoiz baino argiago ikusten dut ez daukadala nik zerikusirik hangoarekin, ni ez naizela hangoa, eta hala eta guztiz ere, han erabakitzen denak, han egiten denak, eragin zuzena du neure bizitzan. Espainiako gobernuaren azken erabakiak: eskubideen murrizketak han eta hemen, abortuaren legeari egin nahi dizkioten aldaketak... Eta orain, "ETAgatik erbesteratutakoek" Euskal Herrian bozka dezaten egindako maniobra. Ez omen da hurrengo hauteskundeetara begirako kontua, baina bai, agian, egunen batean egin litekeen erabakitzeko eskubideari buruzko galdeketa bati zuzendutakoa. Parkean jolasten duten umeen hizkuntzan, hau tranpa bat da.

Beti sentitu naiz lekuz kanpo Espainian, baina aitortu behar dut gaur atzo baino gehiago sentitzen dudala "Ni ez naiz hemengoa" oihukatzeko gogoa. Edo hobe esanda, "Ni ez naiz hangoa".