Zaragozaren aurka galdu izanak argitu egin dau Athleticen egoerea denporaldiko azken txanpara begira. Hiru jardunaldiren faltan, zuri-gorriak ia aukera barik geratu dira Txapeldunen Ligarako posturen bat eskuratzeko lehian. Ondorioz, logikoena litzateke hasierako hamaikakoa osatzen daben jokalariak ahalik eta ondoen jagotea Europa Leagueko finalerako. Berrogeta hamazortzi partidu jokatuta, zuri-gorriak apurtzeko zorian dagoz. Eutsi mutilak!
La Romaredan gertatutakoa denporaldi honetan jardunaldi ba-tzutan jazotakoaren errepikapena izan da. Europa mailan exijentzi handiko partiduak jokatu ostean, taldeak igarri egiten dau neke sikikoa eta fisikoa hurrengo norgehiagokan. Europa Leagueko finalerako txartel historikoa lortu eta gero Bielsaren gizonek partidu eskasa jokatu eben, lehen mailari eusteko aukerea jokoan eukan Zaragozaren aurka. Zuri-gorriek ez eben ia arriskurik sortu aurkariaren ate aurrean. Hori gitxi balitz, oparitu egin eutsezan gol biak aurkariari. Ez deutsat garrantzi handirik emon gura domekako partiduari. Ez dau komentario askorik merezi.
Aurrera begiratzen ipini aurretik, hau da, Europa Leagueko finalaren ganean berbetan hasi aurretik, ezin dot aitatu barik itxi Lisboako Sportingen aurka San Mamesen jokatutako partiduan bizi izandakoa, ederra izan zan-eta. Negarrez amaitu genduan, negarrez eskuratu ebalako Athleticek Europa Leagueko finalerako txartela. Luzapenaren eta penaltien mamua ganean geunkala, Ibai Gomezek erdiratu eta Fernando Llorentek hirugarren gola sartu ebanean, San Mamesek eta Bizkaia osoak eztanda egin eban. Gol horrek eta ondorioz, Europa Leagueko finalerako txartela eskuratu izanak, negar malko asko eragin ebazan. Negar egitea osasungarria da. Gaur egungo bizitza honetan negar egiteko motibo asko egonda, isuritako malkoak pozak eragindakoak izatea gauza polita eta hunkigarria da. Javi Martinezek ederto adierazo eban San Mamesen bizi izandakoa: "Aldagelara sartu eta Jose Anjel Iribar negarrez ikusita konturatu nintzan lortutakoaren garrantziaz". Milaka besarkada eragin ebazan Athleticen balentriak. Ezezagunen artekoak asko. Zahar eta gazte, neska eta mutil, guztiak bat eginda Athletic sentimentuaren inguruan. Josu Urrutia presidenteak esan dauenez, Europa Leagueko finalerako txartela lortu izanak argi eta garbi ixten dau Athleticen filosofia bizi-bizirik dagoala. Gorka, Andoni, Jon, Ander, Markel, Iker, Ibai eta enparauek ames egiteko aukera ederra emon deuskue.
Barriro dinotsuet egun ederrenak etorteko dagozala. Horreetariko bat bihar bertan bizi geinke. Liga txapelketan lehen lauren artean amaitzeko ia aukera guztiak galdu arren, Real Madrilen aurkako partiduak oso bereziak dira beti San Mamesen. Merengeek sentimentu bereziak sortzen dabez Katedralean. Are gehiago Florentino Perezek Kopako Finala Santiago Bernabeun jokatzeko eskaereari ezetz biribila emon ostean. Mourinhoren taldeak ez dau Liga galduko San Mamesen, Nou Campen irabazi ebalako. Edozelan be, Marcelo Bielsak eta bere gizonek gorputz eta arima jarriko dabe Ronaldo, Pepe eta enparuak mendean hartzeko. Espainiako Ligako txapeldunak galdu egingo dau bihar Katedralean. Athletic gauza da Real Madridi irabazteko. Ganera, saio nagusia izango da Bucaresteko finalera begira.
Orain dala hogetazortzi urte Iñigo Rocky Liceranzuk Realari San Mamesen sartutako gol biei esker irabazitako bigarren Ligea ospatzen ari ginan. Gabarrea barriro atarateko aukerea hurrago dago.