Euskal Errepublika
DUELA hirurogeita hamasei urte gertatu zen. Apirilaren hamabian hauteskundeak egin ziren Espainian. Horiek horrela, bi egun beranduago, goizeko 06:30ean, igandeko hauteskundeetan hautatutako zinegotziak elkartu eta II. Errepublika aldarrikatu zuten Eibarren, aho batez. Gazteenari tokatu omen zitzaion Errepublikaren ikurra mastan jartzea.
Hamarkada batzuk beranduago bi gertaera; batetik, Bilduko agintariek Espainiako beste ikur bat, oraingoan II. Errepublikari dagokiona, ipini dute Donostiako Udaletxean, harro antzean omen; bestetik, goizaldeko ordu txikietan, estropezu egin eta aldakan haustura izan duela eta, Espainiako erregeak hedabideetako lehenbiziko orrialdeak hartu ditu. Bitxiak bi gertaerok.
Lehenbizikoak Bildukoak nora gabe dabiltzala segitzen dutela erakusten du. Harmailetan zaudenean erraza da lagun hurkoak egiten duena kritikatzea. Norberak egiteko kapaz dena erakusteko aukera guzti-guztiak dituenean, ostera, orduan bai komeriak, estuasunak! Zer egin ez dakizunean, lan egiteko ezgauza zarenean, eskuartean egitasmo jakinik ez duzunean, aten-tzioa desbideratzen ahalegintzea da aterabiderik eragingarriena, zeureak ez diren eskumenetan, aldarrikapenetan edota eginkizunetan sudurra sartuz... Baitakizu horrek bide laburra duela, ez duela zuregandik beste ezer eskatzen. Pankarta baten atzealdean edo aldarrikapen baten gerizpean zure ezintasunak gordetzea erraza da.
Espainiak bi bandera izan ditu Donostiako Udaletxean, eta hango agintariak, pozik. Zer ez zuketen esango beste batzuen ekimena izan balitz. Non daude sasoi batean horren kritiko, bihozgabe azaltzen ziren guztiak bestelakoen lan-jarduna epaitzen zuten bakoitzean? Tira! Orain isilik egotea tokatzen da! Alderdi abertzale nagusien artean sokatira baitago jokoan, eta nagusitasuna lortzeko asmoz, barkatzeko modukoak dira kontuak, gabezia guzti-guztiak.
Espainiako beste ikurra erregea da. Urtea joan... eta etorri, zailtasunak bizi ez dituena, bapo bizi dena, hori bai! Inoren kontura! Horrexetarako, norbaiten ahaidea izatea da bildu behar izan duen meritu ia bakarra.
Ez dute herritarrek hautatu, haien baliabideak xahutzen baditu ere. II. Errepublikaren kontra altxatu zen militar batek jarri zuen dagoen tokian, aldareetan.
Militar batek, Gernika, Otxandio, Durango eta beste hainbat herri, duela hirurogeita hamabost urte bonbardatzeko agindua eman zuten matxinoen taldekoak, kristautasunaren, gurutzadaren eta Espainiako batasunaren izenean. Espainia desegin nahi zutenak behar baitziren, besteak beste, birrindu, masakratu.
Erregea da hizpide, haren senideak. Krisia ez doa haiekin, beste mundu batekoak, beste mundu batean bizi baitira, eta guk behar ditugu agoantatu, beharrik ez dugunean.
Hobe genuke Espainiatik alde egingo bagenu, ahalik bizkorren, hondoa jo baino lehen. Iraganarekin ez baitugu etorkizunik, gainbehera datorrenak lepauztaitik, gogoz kontra bere altzoan mantendu nahi bagaitu ere.
Ez dugu behar II. Errepublikaren banderarik, nahiz eta Espainian hainbatek askatasunaren ikur gisa dakusaten, guk geure ikurra baitugu, sei herrialdeak irudikatzen dituena, herri gisa nornahiren aurrean bagarela adierazten duena. Era berean, ez dugu erregerik, ez baitugu horren beharrik, baikara nor zer izan nahi dugun irudikatzeko, horren bila lan eginez, ezina noizbait lortuko baitugu, ekiten segitzen dugun neurrian.