Iñigo Cabacas izan zan protagonista nagusia Athletic eta Mallorcak San Mamesen jokatutako partiduan. Nahi bako protagonistea. Basauriko mutilak gurago izango eban norgehiagoka bere jesarlekutik ikusi, domekaro lez. Partidu hasi aurreko minutu bateko isilunea ozen entzun zan. Isiltasuna be entzun egiten dalako. Athleticeko jokalariek be omenaldi polita eskeini eutsen Iñigo Cabacasi. Baita Bizkaia Bilbao Basketeko jokalariek eta zaleek be. Miresgarria benetan familiaren eta lagunen jokabidea. Eredugarria. Etorkizunean ez daitela barriro horrelakorik gertatu. Horretarako erabagi sendoak eta argiak hartu behar dira.
Bost bat aste geratzen dira 2011-2012 denporaldia amaitzeko eta Athleticek zabalik ditu ate guztiak. Gertatzen dana gertatzen dala be, Marcelo Bielsaren lehen urtea gogoangarria izango da beti Athleticen eragin dauen itxuraldaketea ikaragarria izan dalako. Hori bai, emaitzek laguntzen badabe denporaldi historikoa izan daiteke. Kopako finalerako sailkatu eta Europa Leagueko finalaurrekoetan egon arren, Bielsaren taldeak ez dau amore emon Ligan. Bost jardunaldiren faltan Athleticek bizirik dauka Txapeldunen Ligarako sailkatzeko itxaropena. Ahalegin horretan, zale guztiok gogoan daukagu Mourinho, Cristiano, Pepe eta enparauak San Mamesetik igaro behar dirala. Merengeek San Mamesen galduko dabe Ligea!.
Mallorcaren aurkako partiduari jagokonez, zuri-gorriek ez eben beste munduko ezer egin behar izan garaipena eskuratzeko. Gol bakar bateko aldeagaz, baina, urduritasun gehiegi harmailetan. Iker Muniain barik, Bielsak hasieratik zelaraitu eban Ibai Gomez eta bilbotarrak ederto erantzun eban. Golaren erdia berea da. Ander Herrera kendu eta erdilari bat zelairatu beharrean, Ekiza sartu, Javi Martinez aurreratu eta Iturraspe bere lekutik mobidu eban Bielsak. Ez eban asmau entrena-tzaileak aldaketeagaz, taldeak partiduaren kontrola galdu ebalako. Igor Gabilondok minututxo batzuk jokatzeko aukerea euki eban eta barriro erakutsi eban badaukala zer eskeini taldeari. Gehiago joka-tzea merezi dau Añorgakoak.
Egun ederrak doguz aurretik Athletic zaleok eta zoritxarrez ez da guztiontzako lekurik egongo estadioetan. Hori kontuan izanda, eskertzekoa da benetan Athleticeko zuzendaritza batzak Jabi Aldazabal idazkariaren eskutik emondako azalpenak Kopako finalerako sarreren banaketearen ganean. Gardentasun hori faltan bota izan dogu orain arte. Hondino gogoan daukagu direktibako kide baten haserrea Mestallan jokatutako Kopako finalaren atarian berak nahi beste sarrera lortu barik geratu zalako. Klubak berarentzat gordeten dauzan sarrerak zelan banatzen diran azaltzea beharrezkoa eta eskertzekoa da. Bide horretatik jarraitu.
Bestalde, gogoratuko dozue Granada-Athletic partiduko arbitroak ez ebala ontzat emon Llorentek sartutako bigarren gola. Atezainak barrutik atara eban baloia baina arbitroak ez eban ikusi eta eskerrak Susaetak aprobetxau egin ebala aldaratzea. Imajinaten dozue datorren zapatuko Bartzelona-Real Madril partiduan antzeko zeozer gertatzea? Behin baino gehiagotan esan dot futbola modernizau egin behar dala eta teknologiaren laguntzea aprobetxau behar dala errakuntza itzelak saihesteko. Beharrezkoa izan ezkero partidua geratu egin beharko litzateke jokaldi eztabaidagarria errepikauta ikusi eta erabagi zuzen bat hartzeko, beste kirol batzutan egiten dan lez.
Azkenik, Piermario Morosini, Italiako jokalariaren heriotzea gogoratu gurako neuke. Bihotzekoak jota hil da 25 urteko gaztea. Beste bat zoritxarreko zerrenda luze baten. Kezkatuta nago. Zer dala eta gertatzen dira horrelako istripuak? Zergaitik futbolean bakarrik?