ARTIKULU hau idazten nengoala izan dot Iñigo Cabacasen heriotzearen barri eta itzalduta, triste eta idazteko gogo barik geratu naz. Doluminak eta besarkada bero bat bere familia eta lagunei. Mutil honeri jazo jakona onartuezina da. Ulertuezina eta krudela. Gertatutakoa sakon aztertu behar da eta errudunak zigortu, arin ganera.
Ez dakit zenbat bider esan doten Athleticek txarto ohitu gaituela aurten. Kopako finalerako sailkatuta egon eta Europa Leagueko finalaurrekoetarako sailkatu arren, zaleok ez dogu gura taldeak amore emotea ligan. Azken bost jardunaldietan puntu bakarra lortu ostean, Athleticeko jokalariek gogotsu ekin eutsen Sevillaren aurkako partiduari. Ondo baino hobeto ekien beharrezkoa zala Ligako bolada negatiboari amaierea emotea eta gorputz eta arima ipini eben bedartza ganean eguenean Schalke 04 ren aurkako partiduak eragindako nekea bazterrean itxita. Iturraspe, Susaeta, Iraola eta enparauek lehen zati bikaina egin eben hiru partidu erreskadan irabazita etorren Sevillaren aurka. Bielsaren gizonen nagusitasuna erabatekoa izan zan talde arriskutsu baten aurka. Hori bai, gol aukera gehiegi huts egin ebazan taldeak eta bardinketaren mamua azken minuturarte ibili zan bueltaka Katedralean.
Sevillari irabazita sailkapeneko hamaikagarren postuan dago Athletic. Futbolean esaten da Ligak bakoitza jagokon lekuan ixten dauela. Ez dago horren aurka joaterik baina nire uste apalean Athletic ez da Ligako hamaikagarren taldea, inondik eta inora bez. Zazpi partidu geratzen dira txapelketea amaitzeko eta sailkapeneko hirugarren postua urruntxo geratzen jako taldeari. Edozelan be, irailetik hona ikusitakoaren arabera, Real Madril eta Bartzelonaren atzetik, Athletic da Ligako talderik onena. Malaga, Valentzia, Levante, Atletico Madril, Sevilla, Espanyol eta Getafe ez dira gu baino gehiago. Zuri-gorriek badakie hori eta Europako Leagueko final aurrekoak eta Kopako finala aurretik izan arren, Bielsaren gizonak Ligako sailkapenean ahalik eta goren geratzen ahaleginduko dira. Lehenengo urratsa bihar bertan emongo dabe Los Carmenesen. Ganera, zuri-gorriek ez dabe ahaztu Granadak irabazi egin ebala San Mamesen.
Berrogeta hamabi partidu ofizial jokatu dauz Athleticek denporaldi honetan eta dagoanekoz inor ez da ausartzen zalantzan jartzen zuri-gorrien sasoi fisikoa. Ikustekoa zan Bielsaren gizonen hauspoa Sevillaren aurkako partiduan. Futbolean ederto jokatu arren, Fernando Llorentek berak aitortu dau presino itogarrian dagoala gakoa. Alde horretatik zoriontzekoa da bene-benetan Luis Maria Bonini prestatzaile fisikoaren lana. Susaeta eta enparauek inoiz baino minutu gehiago jokatu dabez aurten baina sasoi betean iritsi dira Ligako azken txanpara. Zorionak Bonini jauna.
Zorionak emoten jarraitu behar dot. Zorionak Ander Iturrasperi, lan bikaina egiten dabilelako. Caparrosek erdi baztertuta itxi eta gero, Bielsaren konfiantzea jaso eta Abadiñokoaren erantzuna bikaina izan da. Ez eban jokatu Schalkeren aurka eta taldeak igarri egin eban. Hamaikakora itzuli zan Sevillaren aurka eta taldeak igarri egin eban. Zorionak Borja Ekizari be, denporaldian ordezkoen aulkian jesarrita eta deialdietatik kanpo egon ondoren, bikain erantzun dauelako entrena-tzaileak behar izan dauenean. Zorionak Markel Susaetari, lehen taldera iritsi zanetik kritika piloa jaso arren ez dauelako amore emon eta aho asko isildu dituelako. Hiru honeek ez daukie Llorente, Javi Martinez, Muniain edo Herraren distirea baina euren ekarpena ikaragarria da.
Eta zorionen atalagaz amaitzeko, besakadarik handiena Carlos Gurpegi Nausiari. Nafarrak lan ikaragarria egin dau belauna osatzeko eta dagoanekoz hortxe dogu taldekideakaz batera. Azkenik, aitamen berezi bat merezi dabe Koikili Lertxundik eta Igor Gabilondok. Eutsi goiari!!!