Pasau da. Bartzelona eta Athleticen arteko partiduari grazia guztia kendu eutsen Espainiako futbol federazinotik talde bien arteko norgehiagoka Alemanian jokatu eta 47 ordura ipini ebenean. Egia esateko, ez dakit egun bat beranduago jokatuta Athleticek Nou Campen zeozer lortzeko aukerarik izango ebanik, baina atseden barik jokatzeak bertan behera itxi ebazan zuri-gorrien aurkari urriak. Deskafeinatua ez dot gustuko are gitxiago lehenengo itzulian talde biek San Mamesen eskaini eben ikuskizun ederra gogoratuta.

Edozein partidutik irakurketa positiboak atara daitekezala dinoe adituek. Nou Campeko partidua aztertuta nabarmendu daitekean gauza bakarra atzelarien eta atezainaren lan ona da. Alde horretatik, Borja Ekizak aitamen berezia merezi dau. Bielsak hasieratik jokatzeko aukerea emon eutsan aspaldiko partez eta iruindarraren erantzuna bikaina izan zan. Sasoi betean dago, fresko-fresko, eta motibazino ikaragarriagaz. Ekizaren ekarpena garrantzitsua izan daiteke denporaldiko azken txanpan.

Jokalarien profesionaltasuna eta grina be azpimarratuko neukez, oso nekatuta egon arren duintasunez jokatu ebelako Europako talde onenaren aurka. Nou Campen ikusitakoaren ganeko edozein azterketa eta balorazino jokalarien egoera fisikoak baldintzatzen dauela ahaztu barik -Guardiolak esan eban zuri-gorriak hilda egozala-, Athletic ezinean ikusi genduan Bartzelonan. Ondo defendidu arren, zuri-gorriak ez eben ezer egin erasora begira partiduko azken ordu laurenera arte. Horregaitik ez ditut ulertzen Guardiolaren laudorioak partidua amaitu eta gero. Athleticek partidu itzelak jokatu dauz denporaldi honetan baina Bartzelonakoa makalenetarikoa izan da.

Nire lagun batek esaten deust ez dauela ulertzen zer dala eta Bar-tzelona Real Madril baino hobeto ikusita dagoan Athletic zale askoren artean. Nik erantzuten deutsat ezin dala parekatu Guardiola Mourinhogaz, Puyol Pepegaz edota Xavi Sergio Ramosegaz. Edozelan be, kontuari buelta bi emonda ikusi daiteke erakunde mailan oso antzekoak dirala klub biak. Kopako finala Bartzelonak gura izan dauan zelaian eta egunean jokatuko da. Ganera, klub blaugranako inor ez zan agertu azken batzarrera harrokeri itzela erakutsita. Hori gitxi balitz, Athleticeko jokalariak atseden barik lehiatu dira Bartzelonaren aurka Nou Campen. Ganera, arbitroak laguntzatxua emon deutse talde zuri-gorria mendean har-tzeko. Hori bai, partidua amaitu eta gero laudorioak eta lora piloa Athleticentzat. Eurek gura ebena lortu eta gero, noski. Azkenik, zalantzarik badozue, ikusi Athleticek Bartzelonari 1984an irabazi eutsan Kopako finalaren osteko irudiak, Maradona, Clos eta enparauak egindakoa gogoratzeko.

Zapatuko partidua ahaztu eta gero, Athleticek aukera historikoa dauka eguenean San Mamesen Schalke 04ren aurka. Europako Leagueko final aurrekoak jokatzeko txartelak ezin deutse iges egin zuri-gorriei. Marcelo Bielsaren taldeak dakien moduan jokatzen daki eta bardin jokatuko dau eguenean be. Edozelan be, Athletic gol biko aldea dauka eta hori kontuan euki beharko dabe. Kontua ez da jokatzeko filosofia aldatzea. Zuri-gorriek, baina, garbi euki beharko leukie helburua ez dala partidua irabaztea, kanporaketea gainditzea baino. Alemanian jokatu aurretik Marcelo Bielsak esan eban ez ebala partidua irekia ikusi gura. San Mamesekoa be ez da partidu irekia izan behar. Bielsa apur bat ezagututa, ostera, garbi daukat Athleticek garaipenaren bila urtengo dauela Schalkeren aurka ezelako ikara barik. Hauxe da gure taldea eta holan jokatuta emon deuskuz emon deuskuzanak.